Bestalde, 'Diyala' tokiko telebistan lan egiten zuten hiru kazetari irakiar hil eta beste hamar lagun zauritu ditu gaur erresistentziak Bakuban. Irakeko Poliziaren arabera, mikrobus baten zihoazen hildakoak eta zaurituak, eta erresistentziako kideek tiroz eraso zioten ibilgailuari.
Halaber, Irakeko erresistentzia armatuak AEBetako hiru soldadu hil ditu 24 orduren buruan. Atzo, morteroz egindako erasoan, bi militar hil zituen Baladen, Bagdad iparraldean. Eraso horretan beste sei soldadu zauritu zituzten, horietako bi larri. Gaur berriz beste soldadu bat hil eta hiru larri zauritu dituzte Qusaiban, Siriako mugan, morteroz egindako erasoan.
Atzoko erasoan arin zauritutako lau militarrak Seitzeko base militarrean daudela jakinarazi du AEBetako armadaren iturriek. Halaber, eraso horretan ustez parte hartu zuten zenbait kide atzeman zituen AEBetako armadak auto batean zihoazela.
Irakeko okupazioaren ondorena
Gutxienez lau irakiar hil dituzte Basoran, hotel baten alboan bonba-auto bat leherrarazita
Gutxienez lau irakiar hil eta beste zenbait zauritu dira gaur Basorako hotel baten alboan bonba-auto bat leherrarazita. Polizia iturrien arabera, bonba-autoa Mirbad hotelaren alboan zegoen. Hotel horretan Erresuma Batuko tropek eta hiri horretako administrazio zibila osatzen duten kideek eman ohi dituzte prentsaurrekoak. Basorako inguruan Erresuma Batuko armadaren kontrolpean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu