Indarkeriaren mehatxupean ari dira Nigeriako presidentea aukeratzeko bozak egiten. Poliziak jakinarazi duenez, Birin Bolawa eta Birin Fulani herrixketako bozkalekuei eraso egin zieten atzo, eta gutxienez zazpi lagun hil zituzten. Segurtasun indarren bertsioaren arabera, hainbat ibilgailutan iritsi ziren erasotzaileak, eta herritarren aurka hasi ziren tiro egiten. Bozkalekuetan sartu eta botopaperak erre zituzten ondoren.
Bestalde, Enugu hirian, Nigeriako hego-ekialdean, bonba bat zartarazi zuten bozkalekuak ireki baino ordu erdi lehenago. Poliziaren arabera, beste bost lehergailu indargabetu zituzten.
Jonathan Goodluck egungo presidentea eta Muhammadu Buhari jeneral ohia dira bozak irabazteko hautagai nagusiak, eta bien arteko lehia estua espero da. Tentsioa gori-gori dago, bi alderdiek kanpaina erasokor bat egin baitute. Bozek eragin dezaketen indarkeriari aurre egiteko, 360.000 polizia eta beste milaka soldadu hedatu ditu gobernuak herrialde osoan. Izan ere, Boko Haram talde jihadistaren erasoez gain, bi alderdi nagusien jarraitzaileen arteko liskarrak pitz daitezke. Aurreko hauteskundeetan, 2011n, 800 lagun inguru hil ziren iparraldean liskarretan.
Hauteskundeen begiraleen batzordeak azaldu zutenez, atzo eguerdirako bozkalekuen %80 irekita zeuden. Halere, hatz markak identifikatzeko hainbat arazo informatiko direla medio, eskualde batzuetan ezin izan zuten bozkatu, eta gaurko atzeratu dute bozketa. Beste hainbat tokitan ilara luzeak sortu dira. Presidentea aukeratu ez ezik, parlamentuko bi ganberak ere berrituko dituzte.