EHUko Udako Ikastaroen eskutik, hiriko hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida heldu da Gasteizera. Asteazkenetik atzo arte Europako hainbat lekutako egitasmo eta kudeaketa sistemen berri entzun da bertan, eta Gasteizko adibidearekin bukatu dute. Joseba Sanchezek landu du gaia, eta aurtengo Europako hiriburu berdearen hondakinen kudeaketaren alde onak eta txarrak zehaztu ditu.
Hitzaldian ezberdindu egin dituzu hondakinak kudeatzeko sistema on edo txarra eta ingurumen arloan iraunkorra dena. Zergatik?
Isurketetan oinarritutako sistemak daude, edo errausketan, edo plasman... guztiek osagai ezberdinak dituzte ingurumenari dagokionez. Izatez ez dira ez onak ezta txarrak ere. Onak edo txarrak dira ezartzeko moduaren eta beste zenbait eragileren arabera.
Adibidez?
Hondakinak biltzeko sistema pneumatikoak emaitza paregabeak eman ditzake leku batean, baina beste batean ez, herritarrek ez dutelako ondo erabiltzen. Sistemaren arazoa da? Ez. Arazoa udalarena da, erabilera txarra egiten duten herritarrena, kudeatzen duen enpresarena... Sistemak, berez, ez dira onak ezta txarrak ere. Guztion artean ona edo txarra egiten dugu.
Nolakoa da Gasteizko sistema ingurumenaren ikuspuntutik?
Oso aurreratua da. Gai organikoek CO isurtzen dute, eta, horien tratamendua egiteko, biometanizazioa eta konposta egiteko planta dugu. Ordea, baina bat dugu: zabortegia.
Eta sistema onaren edo txarraren arteko eztabaida? Edukiontziak daude, bilketa pneumatikoa, zaborra biltzeko sistema mugikorrak...
Sistemak zentzuzko funtzionamendua du, inguruko beste hiri batzuekin alderatuta. Edukiontzietan egokiak ez diren gaien kopurua nahiko txikia da; ontzien edukiontzietan botatzen denaren %15 ez da egokia, besteak beste. Bilketa pneumatikoarekin arazo gehiago ditugu, lekuaren arabera emaitza ezberdinak baititu.
Europako hiriburu berdea izateko bidean, zenbait aholku jaso zituen udalak hondakinen kudeaketan.
Puntu guztiak lortzear egon ginen, baina bi konturengatik puntu erdia kendu ziguten. Alde batetik, ez dugu bosgarren edukiontzia guztiz ezarria; hiru auzotan dugu, eta orain ari gara auzo guztietara zabaltzen. Bestetik, zabortegia dugu. 2000. urtean bertara eramaten genuen zaborra baino hamar aldiz gutxiago eramaten dugu egun, baina balioa izan dezaketen 150.000 tona hondakin doaz bertara.
Nola kudeatuko dituzue hondakin horiek etorkizunean? Tratamendu mekaniko-biologikoko Jundizko plantan hondakinetatik eratorritako erregaiak egiteko proiektua egin zen. Ildo horretan al doa?
Egin genuen proba oso ona izan zen, baina ez genuen modu industrialean egin. Ordea, lortu genuen erregaiarekin pozik zeuden Lemoako porlan lantegian. Etorkizunera begira ildo horretako zerbait egin nahi dugu, eta industria azpiegiturarekin egin nahiko genuke. Ordea, erregai horrek irteera izango duela bermatu behar dugu, norbaitek erosiko duela. Bestela zaila da ezer egitea.
Nork eros dezake erregai hori?
Porlan lantegietan pentsatu genuen, baina zeramika enpresengana ere heldu nahi dugu. Horrez gain, edozein galdarak erretzeko moduko gaia lortzen saiatuko gara, IDAEk horretarako ezarri dituen baldintzak bete ondoren.
Araba eta Gasteizko hondakinak kudeatzeko planetan ez da errausketa aurreikusten. Hondakinekin egindako erregaia beste probintzietara bidaltzea ez al da kontraesankorra?
Erraustea gauzak erretzea da, eta, kasu honetan, erregai hori erretzen da. Dena den, teknikoki hori ez da erraustea. Gure erregaiarekin beste bat ordezkatuko dute.
Gasteizko sistemaren bilketa selektiboa zenbatekoa da gaur egun? Atez atekoari buruz hitz egitean %80 aipatu izan da...
Ostegunean, Argentonako [Katalunia] adibidea jarri zuten, eta azaldu zuten atez atekoarekin %70eko bilketa selektiboa lortu dutela. Gu ez gaude maila horretan. %50 inguruan gaude. Atez atekoak emaitza hobeak ematen ditu. Gipuzkoako kasuan, agian zailagoa da maila horretara heltzea, ez baitituzte biztanleak hori egitera behartzen. Argentonan behartzen dituzte. Poltsa zehatz batean uzten ez badute, ez dituzte jasotzen. Atez ateko bilketa sistema aparta da, baina herritarren parte hartze handia behar du.
Atez atekoari buruz alderdien artean sortu den eztabaidari buruz...
Oker handia da hori. Horrelako sistema batek funtziona dezan ezin da sartu mota horretako borroketan. Sistema tekniko baten inguruan borroka politikoa eginez gero, egokiak ez diren emaitzak baino ez dira lortuko. Berriro errepikatuko dut: sistema oso ona da, baina oso txarra izan daiteke herritarrek, agintariek edo sistema kudeatzen duen enpresak behar bezala funtzionarazten ez badute.
Etorkizunean sistema hori Gasteizera ekartzeko aukera al dago?
Udalerri bakoitzak gizarteari zer eskatuko dion aztertu behar du. Atez atekoa aukeratuz gero, etengabe kontzientzia lana egin behar du. Edukiontzien sistemak ez du horrenbeste lan eskatzen. Dena den, ez nuke baztertuko etorkizunean Gasteizen atez ateko sistema ezartzea.
Joseba Sanchez. Gasteizko Hondakinen Kudeaketako zuzendaria
«Guztion erantzukizuna da hondakinak kudeatzeko sistema bat ona bihurtzea»
Atez ateko zabor bilketa «aparta» dela nabarmendu du, eta edukiontzietako sistemak baino emaitza hobeak dituela; ordea, herritarren parte hartze handia eskatzen duela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu