Guztira 142 urteko zigorra eskatu du fiskalak 'Giraldo kasuko' bost auzipetuentzat

Astelehenean aurkeztuko dituzte aldeek azken txostenak, eta epaia noiz jasoko zain geratuko dira

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Yamilet Giraldoren hilketagatik auzipetutako bost lagunentzat 142 urteko kartzela zigorra eskatu du guztira fiskalak. Epaiketa astelehenean hasi zen, eta auzipetuetako batek, Rodrigo Solaechek, aitortu egin zuen berak egin ziola tiro Giraldori. Harentzat eskatu du fiskalak zigor eskaririk handiena: 43 urte eta lau hilabete. Hiltzen saiatzea, justizia oztopatzea eta baimenik gabe armak izatea egozten diote.

Solaechek ukatu egin zuen Jose Luis Lareok aginduta egin zuela hilketa. Fiskaltzak, ordea, defendatu du hark agindu zuela. Harentzat, 24 urte eskatu ditu, hilketa delituagatik eta justizia oztopatzeagatik. Nira Arandagoienentzat, ustez Solaeche Cordovillara eraman zuenarentzat, berriz, 28 urte eskatu ditu; eta beste bi auzipetuentzat, Karlos Igarentzat eta Pedro Andres Garciarentzat, 23 urte sei hilabete. Astelehenean aurkeztuko dituzte aldeek azken txostenak, eta epaia noiz jasoko zain geratuko dira.

Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zituen, bestalde, iaz genero indarkeriagatik izandako salaketen datuak. Guztira, 1.230 salaketa izan ziren, 2009an baino %7,9 gutxiago. Maria Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilariak eman zituen datuak. Horrekin batera, genero indarkeriaren alorrean Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzarekin, Espainiako Botere Judizialarekin, Iruñeko Fiskaltza Nagusiarekin eta Nafarroako Udalarrien Elkartearekin sinatutako itunaren berri eman zuen. «Erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeria amaitzeko».

Atxilotu bat Gasteizen

Gasteizko udaltzainek 26 urteko gizon bat atxilotu zuten herenegun, ustez emazteari eraso egiteagatik. Udaltzainen arabera, gaueko bederatziak aldera izan zen erasoa, Zaramaga auzoko etxebizitza batean. Biktimak azaldu zienez, etxean zeudela gizonak eraso egin zion, baita mehatxatu ere. Handik ihes egin, eta inguruko saltoki batean gorde zen. Antza, ez zen eraso egiten zion lehen aldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.