Indarkeria

Guztira hamabi gazte atxilotu dituzte Zornotzako jipoiaren harira

Gaur adin txikiko bat eta adin nagusiko bat atxilotu dituzte. Dagoeneko hamabi pertsona eraman dituzte polizia etxera. Biktimak larri jarraitzen du Gurutzetako erietxean.

Zornotzan istiluen kontra protestatzeko eginiko bilkura bat.
2021eko abuztuaren 3a
15:17
Entzun

Dagoeneko hamabi pertsona atxilotu dituzte uztailaren 25ean Zornotzako (Bizkaia) parke batean gazte bat jipoitzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan duenez, beste adin txikiko bat eta adin nagusiko bat atxilotu dituzte erasoarekin lotura izan dezaketelakoan.

Igandean Guardia Zibilak mutil bat atxilotu zuen Medina de Pomarren (Espainia), Zornotzako (Bizkaia) erasoarekin lotura duelakoan. Ertzaintzaren esku utzi zuen, eta, Durangoko Auzitegian deklarazioa entzun ostean, espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Atxilo hartutako hamargarrena zen.

Joan den astean, erasoan parte hartzea egotzita atxilotutako zortzi mutiletatik hiru iragan ziren epailearen aurretik Durangoko auzitegian; adin nagusikoak hirurak. Bi espetxeratzeko agindu zuen epaileak, eta hirugarrena aske geratu zen, baina hilean behin epaitegira joateko aginduarekin.

Erasoa jasan zuen 23 urteko mutila Gurutzetako ospitalera eraman zuten (Barakaldo, Bizkaia), eta ordutik egonkor dago, baina oso larri. Eman zizkioten kolpeengatik konortea galduta eraman zuten erietxera.

Erasotzaileek, gainera, grabatu egin zuten jipoia, eta bideoa sare sozialetan zabaldu zuten; irudietan, ikus daiteke herriko beste zenbait tokitan ere istiluak sortu zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.