Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) «pozik» dago hondakinen kudeaketari dagokionez azken egunetan hartutako erabakiekin. Taldearen ustez, «zoriontzekoa» da Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko administrazio kontseiluak Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratua sei hilabetez etenizana. Gainera, haien ustez «txalotzekoa» da Gipuzkoako 38 udaletako alkateek eta San Marko mankomunitateko lehendakariak «zero zabor bidean hartu duten konpromisoa». GZZk prentsaurreko bat eman zuen atzo arratsaldean, Zubietako errebote plazan (Gipuzkoa). Hain zuzen, martxoaren 20an milaka herritarrekHartu nahi dut arnas dantzatu zuten plazan.
Juan Carlos Alduntzin partzuergoko administrazio kontseiluko lehendakariak eta Ingurumen diputatuak astelehenean jakinarazi zuen Zubietako errauste plantako kontratuaekaina arte eten dutela. Gipuzkoako 38 alkatek eta San Marko mankomunitateko lehendakariak hondakinak biltzeko sistema eraginkorrago bat ezartzea erabaki dute. Alduntzinek adierazi zuen Zubietako lanak eteteko arrazoi nagusia erabaki hori izan dela.
Asteleheneko berriaren ostean, helburua lortzea errazagoa dela uste dute. «Bada garaia herritarren ongizatea lehenesteko, eta ingurumen osasungarri batean bizitzeko eskubidea bermatzeko». Errauste plantako lanen sei hilabeteko etenaldia hilabeteetan eskatu duten luzapena balitz bezala hartu dute; aurrerapauso bat balitz bezala. «Denbora beharrezkoa da hausnartzeko, informatzeko eta erabakiak hartzeko». GZZk adierazi du beren argudio sendoena datuak eta informazioa direla.
GZZren ustez, «asko» aurreratu da hondakinen gaian astelehenean partzuergoak hartutako erabakiarekin: « Partzuergoak dena erabakita utzi nahi zuen urriaren 13an. Baina, azken erabakiek zulo ilunetik irten eta argia ikusteko aukera eman digute». Hala ere, jakitun dira lan handia egin beharko dela «aukera alferrik galtzen ez uzteko». GZZren arabera, hondakinen gaian herritar guztiak dira arazoaren parte, eta denon artean adostu behar dute irtenbidea. «Hondakinen gaia despolitizatu eta adostasunak lortzeko aprobetxatu behar dugu denbora». Bestalde,zenbait komunikabideren «manipulazioa» salatu du taldeak, eta herritarrei kontuz ibiltzeko eskatu die. «Zenbait egunkarik herritarren iritzia manipulatu nahi dute, gezurrak kontatuz».
Zeresana sortu du itunak
Bilduk, abenduaren 21ean, 2012ko aurrekontuak aurrera atera ahal izango ditu EAJrekin egin duen ituna dela eta. Akordioakzeresana sortu du hondakinen gaian. Markel Olano EAJko batzarkideak azaldu duenez, «Bildurekin lortutako konpromisoak hondakinen plangintzari eragiten dio». Baina Olanok gogorarazi du 2005ean onartu zuten foru arauaren arabera Batzar Nagusiei dagokiela hondakinen plangintzan erabakiak hartzea: «Hondakinena ezohiko sektorea da. Hori dela eta, Batzar Nagusiek dute eskumena aldundiak hondakinen foru arauari aurkezten dizkion aldaketak aztertzeko». EAJko batzarkideak adierazi du Bilduren «bermea» dutela: «Egungo plangintza oztopatzeko erabakirik ez du hartuko Bilduk. Sei hilabeteko epea dugu behin betiko erabakia hartzeko».
Gipuzkoako PSEk, ordea, Martin Garitano ahaldun nagusiari presako agerraldi bat egiteko eskatu dio. PSEren ustez, Garitanok azaldu egin behar du EAJrekin sinatu duen itunak hondakinen kudeaketan zein eragin izango duen. Baita aldundian lehenago onartutako erabakiak zertan geldituko diren ere; tartean, errauste plantaren eraikitzea.
PSEko Denis Itxasok eta Rafaela Romerok hemendik aurrera hondakinei buruzko erabakiak zeinek hartuko dituen galdetu diote Garitanori. Hau da, Batzar Nagusiek edo Udalek eta Mankomunitateek hartuko dituzten.
GZZ «pozik» dago partzuergoaren erabakiarekin
Gipuzkoa Zero Zaborrek esan du «zoriontzekoa» dela Zubietako errauste plantako lanak etetea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu