Pirinio Atlantikoetako prefetak erabaki du hegaztiak salerosteko baimenik ez ematea epe motzera. Neurri horrek soilik bizirik dauden hegaztien kasuetan izango du eragina. Hegaztietatik eratorritako produktuetan, haragian, arrautzetan eta patean kasu, ez du eraginik izango debekuak.
Neurri horri eutsi edo bertan behera uztea gaixotasunaren garapenaren arabera erabakiko du.
Hamar dira dagoeneko kutsatutako etxaldeak, horietatik sei Biarnon atzeman dituzte, Okzitanian. Beste lauak, berriz, Arrosesen, Uzanen, Maucoren eta Saint-Jammesen agertu dira. Euskal Herrian ez dute oraindik kasurik atzeman, baina bai gertu, Xarren. Kasu horretan 3.100 ahate talde batean antzeman dute H5N1 birusa.
Abenduaren 11n atzeman zuten kutsatutako lehen hegazti taldea, Arrosesen. Orotara, 1.500 ahate hil zituzten han. Geroztik, 12.000 dira H5N1 birusaz kutsatu eta hildako hegaztiak.
Frantzian gehiago
Guztira 61 kasu atzeman dituzte Frantziako sei departamendutan. Gobernuak lasaitasuna eskatu du, eta gogorarazi du birusa hegaztien artean erraz zabaltzen den arren, ez dela berdin gertatzen gizakiekin.
Dena den, eta gaitza gehiago zabal ez dadin, segurtasun neurri bereziak hartu dituzte. Besteak beste, kasuak izan diren etxealdeak desinfektatzeko agindu dute eta "segurtasun eremu berezia" ezarri dute zortzi departamendutan, tartean, Pirinio Atlantikoetan eta Landetan.
Ez da lehen aldia
Ez da, hala ere, hegazti gripe kasuak agertzen direla Frantzian. Dagoeneko 2006an, Frantzia ekialdeko etxalde batean hainbat indioilar hil ziren H5N1 birusak jota. Europako Batasuneko etxalde itxi batean gaitza agertzen zen lehen aldia izan zen hura.