"Barra-barra euskara erabiltzeko ez da behar goi maila". Hala egin du Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak ezarriko dituzten maila berrien defentsa. Era horretan, gainera, helduen euskalduntzeak Hizkuntzen Europako Esparruarekin bat egingo duela esplikatu du. Curriculum berriaren dokumentua "prest" dela esan du HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak, baina ez du zehaztu zein datatik aurrera egongo den indarrean. "Lanketa bat eskatzen du".
Jaurlaritzako bi agintariak Miramar jauregian mintzatu dira, Donostian, euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldian. Matrikulazio kanpaina bete-betean dira zentroak, eta horietan ikasle kopurua igotzeko "ametsa" duela adierazi du Baztarrikak. Iazko ikasturtearen hasieran kezka handia zen, aurreko urteetan nabarmena izan baitzen ikasleen beherakada. "Gora egitea" da asmoa. Eta esperantza badutela azaldu du Erkiziak: "Uda ondo joan da". Euskaltegien lekukotasuna emateko, Maria Paz Martinek —udal euskaltegien ordezkari— eta Karmele Loinazek —zentro homologatuetakoa— hartu dute hitza.