Hagak baimena eman dio Ruto presidenteordeari Kenyara itzultzeko

2013ko irailaren 23a
12:45
Entzun

Gerra krimenak direla-eta William Rutok Hagan zabalik duen prozesuak itxaron egin beharko du. "Oraingoz astebetekoa" izango da Zigor Auzitegiak eman dion baimena, Al-Shababen erasoak eragindako krisia konpontzen laguntzeko. Asmoa da auzian lan egingo duen batzorde bat izendatzea eta Hagara itzultzea, baina baimena baliatu nahi du defentsak Kenyako egonaldia luzatu ahal izateko. Fiskaltzaren ustez, baina, Hagatik lan egin dezake, Kenyako funtzioak beste norbaiten esku utzi ondoren.

2007ko abenduko presidentetzarako bozen ondoren izan ziren indarkeria ekintzen harira auzipetu zuen Ruto Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak, beste bost lagunekin batera. 2007ko amaieran hasi eta hurrengo urtera arte iraun zuen indarkeria oldean 1.100 lagunetik gora hil ziren; beste 3.500 lagun zauritu ziren, eta 600.000k baino gehiagok bizilekutik ihes egin behar izan zuten.

Akusazioak askotarikoak dira; gerra krimenak, hilketak, jendea indarrez lekualdatzea, jazartzeak, bortxaketak eta torturak.

PNUko buru Mwai Kibaki 2007ko abenduko presidentetzarako bozen irabazle aldarrikatu ostean hasi ziren borrokak, garaipen hura iruzurra zela salatu zutelarik ODMko hautagai Raila Odingak eta haren jarraitzaileek. William Ruto ODM Laranja Mugimendu Demokratikoan pisu handienetakoa duen buruzagia da.

Geroztik, UA Afrikako Batasunaren bitartekaritzari esker, bake akordio bat egin eta gauzatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.