'Haika-Segi auziko' 23 gazte kartzelatzeko agindu dute, «terrorismoa» leporatuta

«Talde terroristako kide» izatea egotzi die Auzitegi Gorenak, eta seina urteko kartzela zigorra ezarri die

Imanol Murua Uria.
2007ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Haika-Segi auziko 23 gazte espetxerako bidean dira. Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Auzitegi Nazionalak 2005. urtean emandako epaia, ezker abertzaleko gazte mugimenduak «erakunde terrorista» direla ebatzi du, 24 auzipetuetatik 23ri seina urteko kartzela zigorra ezarri die, eta bakarra errugabetu du. Auzitegi Gorenak atzo eguerdian epaiaren berri eman eta berehala, Auzitegi Nazionalak 23 zigortuak bilatu eta atxilotzeko agindu zien Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari, espetxealdia bete dezaten.

Batzuk atxilotuta daude dagoeneko. Iker Frade herenegun atxilotu zuen Ertzaintzak, Bilbon, presoen eskubideen aldeko ekimen baten ostean. Eta atzo iluntzean Bilboko epaitegietatik Basauriko espetxera eraman zuten. Amaia Arrieta eta Igor Ortega Guardia Zibilak atxilotu zituen, Donostian, Intxaurrondo auzoan.

Auzipetu gehien gehienen bizilekuetara joan ziren poliziak atzo, baina ez zituzten etxean topatu. Esaterako, Zamudion (Bizkaia), Espainiako Polizia Ibon Meñikaren bila joan zen haren gurasoen etxera. Donostian, Guardia Zibila Ugaitz Elizaran atxilotzera joan zen haren etxera, Intxaurrondora, eta Ertzaintza, berriz, Markel Ormazabalen bila, Alde Zaharrean.



AUZIPETUEN AGERRALDIA. Bilatze eta atxilotze agindupean egonagatik, gaur eguerdian agerraldia egiteko asmoa dute Haika-Segi auziko zigortuek, Auzitegi Gorenaren epaiari buruzko balorazioa egiteko. Atzo arratsaldean hedabideetara bidalitako prentsa oharrean asmo hori adierazi zuten behintzat, agerraldia non egin asmo duten zehaztu gabe.

Auzipetu guztiek dagoeneko egina dute zigorraren zati bat, behin-behineko kartzelaldia bete behar izan baitzuten, auzia instrukzio fasean zegoen bitartean. Zazpik lau urteko espetxealdia egin zuten epaitu aurretik, beste hamabik hiru urtetik gorako kartzelaldia egina dute jada, bik urtebetetik gorakoa, eta beste bik urtebetetik beherakoa -Ibon Meñikak hamar hilabete, eta Markel Ormazabalek hogei egun-.

Auzitegi Gorenak errugabetu duen auzipetuak, Egoitz Lopez de la Callek, hiru urte eta hamar hilabete egin zituen giltzapean, epaiketa egin aurretik.

Atxilotze agindupean daudenen artean Olatz Dañobeitia dago, Batasunaren negoziazio batzordeko kidea. Uztailean PSE-EEko zuzendaritzarekin bilera egin zuen ordezkaritzako kide izan zen Dañobeitia, Arnaldo Otegirekin eta Rufi Etxeberriarekin batera.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkezteko aukera dute orain auzipetuek. Hala eginez gero, Konstituzionalak erabakia hartu bitartean espetxeratze agindua bertan behera uztea ere eskatu ahal izango lukete defentsako abokatuek.



HIRU ETA BI. Bi magistraturen desadostasunarekin hartu du erabakia Auzitegi Goreneko Zigor Salako epaimahaiak, eta hiruren adostasunarekin. Zein epailek zer bozkatu duen ez zuten jakinarazi atzo, baina bik boto partikularra aurkeztu dutela, bai. Juan Saavedra da epaimahaiburua, Francisco Monterde Ferrer txostengilea, eta Miguel Colmenero, Andres Martinez Arrieta eta Joaquin Gimenez gainerako magistratuak. Gimenez ez beste guztiak joera kontserbadoreko epaileak dira.

Epaiaren azken zatiaren berri baino ez zuten eman atzo, erabakiari dagokion atala alegia, zer argudio erabili duten argitu gabe, beraz. Besterik gabe, 23 zigortuei «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diela jakinarazten du epaiaren azken zati honek eta, seina urteko kartzela zigorrera ezezik, sufragio pasiborako eta kargu publikorako inhabilitaziora ere zigortzen dituztela, sei urterako baita ere.

Atzo jakinarazitako erabakiarekin, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 4. Salak 2005eko ekainaren 21an emandako epaia baliogabetu egin du Auzitegi Gorenak. Alfonso Guevara, Carlos Ollero eta Santiago Pedraz magistratuek izenpetutako epaiean, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak legez kanpoko erakunde direla ebatzi zuten, baina armarik erabiltzen ez dutenez erakunde terroristatzat ezin direla hartu argudiatu zuten. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zien hamasei auzipeturi -gazte erakundeetan arduradun zirelakoan-, bi urte eta erdikoa beste zortziri -zuzendaritzan parte hartzen ez zutelakoan-, eta errugabetu egin zituen beste lau -Aitziber Perez, Mikel Ayllon, Patrick Jimbert eta Arkaitz Rodriguez-.



ERABAKIA ATZERATZEN. Auzitegi Nazionalak epaia eman ostean inor ez zuten espetxeratu, batzuk ordurako zigorra bera baino espetxealdi luzeagoa betea zutelako, eta beste kasuetan kasazio helegiteei buruz erabaki artean espetxeratze agindua bertan behera utzi zutelako.

Alde guztiek aurkeztu zituzten kasazio helegiteak Auzitegi Goreneko Zigor Salan. Fiskaltzak eta AVTk gazte mugimenduak erakunde terroristatzat jotzea eskatu zuten, eta kartzela zigorrak gogortzea. Hamar urteko espetxe zigorrak eskatu zituen auzipetuentzat fiskalak, hamabost urteko zigorrak AVTk. Defentsak denak errugabetzeko eskatu zuen, Jarrai, Haika eta Segi legez kanpoko erakundeak zirela ebazteko oinarririk ez zegoela argudiatuta.

Joan den azaroaren 16an egin zuten kasazio helegiteei buruzko auzi saioa Auzitegi Gorenean, Madrilen. Joan den azaroaren 30a bitarteko epean ematekoa zuten epaia, baina «auziaren konplexutasuna zela eta» epea luzatzea erabaki zuten bost magistratuek, urtarrilaren 18ra arte. Epe hori ere luzatzea erabaki zuten, ordea, aste honetan bertan, eta otsailaren 8an ezarri zuten muga. Baina azken epe hau agortu baino lehen jakinarazi dute, azkenean, erabakia, epaia oraindik osotasunean eman ez badute ere.



mobilizazioak. Mobilizazioak egin ziren herri eta auzoetan, Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko. Gasteizen 550 lagun batu ziren manifestazioan, eta amaitutakoan, ekitaldia egin zuten Gaztetxean. 100 lagun batu ziren Zamudion, 75 Urretxu-Zumarragan, eta 60 Andoainen.



beste auziak

18/98. Ahozko epaiketa egiten ari dira, 2005eko azarotik. Lau atal ditu: Egin, Xaki, Joxemi Zumalabe eta Ekin. 56 lagun ari dira epaitzen.

Askatasuna eta AAB. Sumarioa itxita dago, ahozko epaiketa noiz egingo zain. 28 auzipetu.

Batasuna eta herriko tabernak. Instrukzio fasean dago, sumarioa itxi gabe oraindik. 40 auzipetu.

Udalbiltza. Instrukzio fasean dago, sumarioa itxi gabe. 14 auzipetu.

Egunkaria. Sumarioa itxita dago, zigor salak ahozko epaiketa egin edo ez erabakitzekotan. Fiskalak artxibatzeko eskatu du. Zazpi auzipetu.





«Dena ETA», berriro

Jardun armatuarekin inolako zerikusirik izan gabe «terrorismoa» egoztea
ontzat jotzen du epaiak
I. MURUA URIA

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2005eko ekainaren 21ean Haika-Segi auziari buruz plazaratutako epaia mugarria izan zen auzitegi horrek ezker abertzaleko antolakundeen aurka zabalik zituen auzibideentzat: Baltasar Garzon epaile instruktoreak ordura arte erabilitako irizpide nagusiaren aurka, ezker abertzalearen mugimenduaren barruko erakundea izateak ETA erakundearen parte izatea ez dakarrela argudiatu zuen Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salak, legez kanpoko taldeak zirela ebatzi arren.

Jarrai, Haika eta Segi erakundeek ETArekin lotura bazutela argudiatu zuen epaimahaiak, «ETAk eragindako terrorearen osagarri» zirela, baina «erakunde terrorista armatua eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren baitan sortutako beste erakunde sozial, politiko eta gazte erakundeak» bereizi egin behar zirela. Laburbilduz, «terrorismoa» leporatu ahal izateko armak erabili dituztela egiaztatu behar dela, edo armak erabili dituztenei lagundu dietela.



AURREKARI GARRANTZITSUA.Argudio horrek, nabarmena denez, ezinezko egiten zuen 18/98, Askatasuna, Batasuna, Udalbiltza edota Egunkaria auziak zabaltzeko erabilitako irizpideari eustea, kasu horietako auzipetuei «terrorismo delitua» leporatzea.

Auzitegi Nazionalaren -eta beste epaitegi guztien- gainetik dagoen auzitegiak baliogabetu egin du, ordea, Baltasar Garzonen tesi nagusia oinarririk gabe utzi zuen epaia.

Epaia osotasunean ez du jakinarazi Auzitegi Gorenak, argudioen berririk ez du oraindik eman, baina erabakiak berak garbi erakusten du «dena ETA da» tesiari balio osoa eman diotela, hemendik aurrerako auzi guztietan erabakigarria izan daitekeen jurisprudentzia garrantzitsua ezarrita, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.