'Egunkaria' auzia

Hainbat agintarik, politikarik, sindikalistak, kazetarik eta kultur zein gizarte arloko ordezkarik bat egin dute Iñaki Uria aska dezatela eskatzeko

Iñaki Uria 'Euskaldunon Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria eta kazeta horren kontrako auziagatik oraindik espetxean den pertsona bakarra aske uzteko eskatu dute gaur hainbat agintarik, politikarik, sindikalistak, kazetarik eta kultur zein gizarte arloko ordezkarik. Besteak beste, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusia, Odon Elorza Donostiako alkatea, Maite Etxaniz Zarauzkoa, Josune Ariztondo eta Joseba Egibar EBBko kideak, Antton Karrera EB-IUkoa, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Gorka Landaburu kazetaria, Anjel Lertxundi idazlea eta Jesus Mari Larrazabal EHUko katedraduna daude eskaera izenpetu dutenen artean. Abokatuei helaraziko diete idatzi hori, babes helegitearekin batera epaileari eman diezaioten.

2003ko abenduaren 30a
13:28
Entzun
"Hemen gauden sinatzaileok Iñaki Uria 'Euskaldunon Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko buruaren askatasuna eskatzen dugu", halaxe esan dute Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Zentroan egin duten agerraldian Uriaren aldeko ekimenarekin bat egin dutenek. Aurrez aipatutakoez gain, agiri horren sinatzaile dira Maixux Rekalde Elkarri-ko kidea, Kepa Korta EHUko irakaslea, Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi eta 'Berria'-ko zuzendaria, Imanol Murua Gipuzkoako diputatu nagusi ohia, Ramon Etxezarreta Donostiako alkateordea eta beste zenbait.

Agiri hori eta sinatzaileen zerrenda Uriaren abokatuei emango diete, laster aurkeztuko duten babes helegitearekin batera Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileari helarazi diezaioten. Izan ere, 'Egunkaria'-ren kontrako operazioa gidatu zuen epaile horrek behin eta berriz uko egin dio Uria aske uzteari; azken aldiz, joan den astean, aske lagaz gero Uriak ihes egiteko arriskua dagoela, eta, gainera, "estraegia terroristariu laguntza" eman diezaiokeela argudiatuta.

Erabaki horren aurka helegitea aurkeztuko dute Uriaren abokatuek, eta gaur aurkeztu duten ekimenak horren lagungarri izan nahi du.

Egun, Iñaki Uria kontseilari ordezkaria da 'Egunkaria' auziagatik espetxean dagoen pertsona bakarra. Otsailaren 20ko operazioan hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak Juan del Olmo epailearen aginduz, baina haietako zortzi dagoeneko kalean daude behin-behineko askatasunean. Bederatzigarrena, Xabier Alegria, espetxean dago, baina ez 'Egunkaria' auziagatik, baizik eta Udalbiltzarekin lotutakoagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.