Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, EHNE, Hiru, CPT (torturaren aurkako Espainiako Estatuko koordinakundea), Salaketa, Lokarri, Gazte Abertzaleak eta Gazte Independentistak eragileek eta Mikel Izagirre EBko kide eta Urnietako alkateak euskal presoen eskubideen alde aritzen diren erakundeei elkartasuna agertu diete gaur Donostian egindako agerraldian, eta haien lana "zilegi" dela azpimarratu dute.
Erakundeokin "era garden, demokratiko eta politikoetan hamaika harreman" izan dituztela jakinarazi dute, eta haien lan hori "modu bidegabean" ezin dela "zangotrabatu".
Talde horien aurkako ekinbide judizialik egonez gero, "prozedura demokratikoak" erabiltzeko eskatu dute aipatutako eragileek. Inkomunikazioa amaitzeko dei egin dute, eta "eskubide zibil eta politikoak, eta giza eskubideak bermatzeko".
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak duela hiru asteko operazioaren ondorioz ateratako autoan adierazi du TAT, Behatokia, Etxerat eta Askatasuna erakundeak eta euskal presoen defentsan ari diren hainbat abokatu "ETAren menpekoak" direla. Espainiako zenbait komunikabidek norbanakoen izenak eman dituzte, halaber. Erakunde horiek uste dute "Espainiako errepresioaren jomugan" daudela, eta "polizia presio itogarria" izaten ari direla salatu dute.
Amaia Esnalek gaur talde horien izenean esan duenez, eurek "eskubide eta askatasun demokratikoen, eskubide politiko eta zibilen aldeko lana" egiten dute. "Gure herrian benetako egoera demokratiko bat ezartzeko, honako egoera gainditzea beharrezkoa ikusten dugu. Demokrazia, baketa eta justizia nahi ditugu gure herrian, eta bide horretan [Espainiako eta Frantziako] estatuen aldetik datorren errepresio eta bortizkeria amai dadin beharrezkoa ikusten dugu".
politika
Hainbat eragilek diote euskal presoen eskubideen alde ari diren taldeen lana zilegi dela
Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, EHNE edota Lokarrik elkartasuna agertu diete. Espainiako Auzitegi Nazionalak "ETAren menpeko taldetzat" jo ditu TAT, Behatokia, Etxerat eta Askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu