Joseba Asiron

"Hainbat eragilek esan digute egiazki UPNrekin bizi izan dutela kaosa"

Apokalipsia iragartzen dutenen aldean, "mendekurik gabe" sosegua aldarrikatzen du (bideoa: Lara Madinabeitia / Berria TB). [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2377/[/Berriatb]

joxerra senar
2015eko ekainaren 16a
13:26
Entzun

«Ez dugu mendekurik nahi. Konponbideak bilatu nahi ditugu». Esaldi borobil horrekin amaitu du elkarrizketa Joseba Asironek (Iruñea, 1962). Alkate izendatu aurretik mintzatu da BERRIArekin, eta ideiak oso argi dituela erakutsi du. Arduraz eta ilusioz hartu du erronka. «Orain, lehen aldiz hamar legealditan, badugu aukera gauzak beste modu batera egiteko eta hori erakusteko».

Historialaria zara, historian arrastoa uzteko prest?

Kar-kar. Ez dakit hainbesterako izango den… baina laguntzeko prest. Jabetzen gara Iruñeko lehen alkate abertzalea izango naizela, eta historiaren pasartetxo bat ere burutuko dugu.

Edukiak garrantzitsuak izango dira, baina gauzak egiteko moduak aldatzea ere garrantzitsua da? Zertan nabarituko da?

Bai, nabarituko du jendeak parte hartzean. Guk nahi dugu gobernatzea ez orain arte egin den bezala, herritarrei bizkar emanda. Hain zuzen ere, herritarren eskutik gobernatu nahi dugu. Horretarako, gardentasuna eta parte-hartzea dira funtsezkoak. Guk, adibidez, esan dugu hiria auzoetatik eraiki nahi dugula. Adibidez, programa osatzeko auzoetara joan gara, eta auzokoei entzun diegu zein ziren euren beharrak eta kezkak. Horrela egiten jarraitu nahi dugu.

UPNk iruindarren gehiengo baten bizkar gobernatu du. Iruindar guztien alkatea izan nahi duzu. Nola gorde oreka hori?

Seinale onak ditugu. Batetik, EH Bilduren baitan oso pertsona desberdinak gaude, jatorri desberdinekoak.Orain, esperientzia horretatik pasatzen gara gobernu anitz batera. Guretzat, aniztasuna aberastasunaren sinonimo da, eta kontzienteak gara, gainera, hiria oraindik ere pluralagoa dela. Botoa eman diguten horiekin pentsatzen gobernatuko dugu, baina baita, oso modu berezian, bozkatu ez gaituztenekin ere. Jabetzen gara herritarren zati batek ez digula botoa eman, UPNren apokalipsiaren diskurtso horregatik.

Horrela jarduteak ere bertan behera utz dezake UPNren diskurtsoa?

Bai, hori da asmoa. Gauzak egiteko beste modu bat dator. Hori da alternatiba bat izatea. Badira alternatibak eta badira gauzak egiteko beste modu batzuk, eta horrek ez du esan nahi kaosa eta kataklismoa sortuko denik. Oso adibide argia dago. Elkartu gara eragile sozial desberdinekin eta esan digute orain egiazki UPNrekin kaos egoera batetik datozela. Adibidez, Udaltzaingoaren sindikatuek helarazi ziguten ez ziotela beldurrik apokalipsiari, Enrique Maiarekin eta Simon Santamariarekin apokalipsia bizi izan dutelako. Hori adierazgarria da.

UPNk salatu du abertzale bat ezin litekeela Iruñeko alkate izan. Zer diozu?

Nire ustez, ezin dugu ahaztu eskuinak, UPNk, 27 zinegotzitatik hamar besterik ez dituela lortu. Garai batean, sekulako gehiengoa zuten. Horrek jendearen nekea adierazten du. Oso aspertuta daude orain arte egindako politikarekin, ezkutuko pribilegioekin, dietekin, ustelkeriarekin… Diskurtso horrek ez du balio. Beste jokaleku batean gaude, eta hor egin beharko dute politika. Beldurraren eta kaosaren diskurtsoa utzi beharko dute.

ETAren indarkeriarekiko urruntasuna egotzita, presio egiten dizute. Konpromiso batzuk zure gain hartu dituzu. Uste duzu nahikoa izango dela presio horri aurre egiteko?

Esan dezaket 1998an, beste jokaleku batean geundelarik, nik apustu bat egin nuela bakearen alde eta edozein bortizkeriaren aurka. 1998an nengoen toki berean kokatzen naiz orain, eta hori da esan dezakedana. Bortizkeria zeharo gaitzesten dudala eta benetan sinesten dudala beste jokaleku batean gaudela. Horren aldeko apustua egiten dugu.

Bakegintzara begira, zer ekarpen egin dezake Iruñeko alkate berriak?

Batez ere, elkarbizitzaren aldeko edozer gauza egin dezake. Neurri asko har daitezke. Gizartean geratuko da liskar horretan sufritutakoen oinazea. Bortizkeria mota asko daude, baina oinazea beti da berdina. Iruditzen zait, memoria, justizia eta ordaina ahaztu gabe, ikasi behar dugula aurrera begiratzen. Kalean jendeak galdetzen dit langabeziaz, etxegabetzeez, eta horrelako gauzez. Uste dut, bestea ahaztu gabe, garaia dela gizarteak orrialde hori pasatzeko.

Elkarbizitzara begira, uste duzu Iruñean badagoela arriskua Marotok egindakoen moduko mezuak agertzeko? Nola aurre egin horri?

Batez ere, erantzukizunez. Iruditzen zait Marotoren mezua oso neurtua egon dela momentu guztietan, literalki argudio xenofoborik ez dagoelako irudipena emateko. Diskurtso hori da oso arduragabea. Gizartera iristen den mezua askoz ere zabalagoa delako; hau da, immigrazioa arazo gisa ikusten dute. Ezin diogu helarazi gizarteari gazteak, langabeak edo etorkinak arazoak direla.

Iruñera begira, hori lotuta dago UPNk auzo batzuetan erabateko utzikeriaz jokatu izanarekin?

Ez da halabeharra. Sanduzelain, Etxabakoizen eta Arrosadian, etorkinen kopurua oso handia da, eta arriskua badago noizbait benetako ghettoak sortzeko. Hori eskuinaren politikatik dator, eta, jakina, saiatu behar dugu hori bideratzen, konpontzen.

Non nabarituko da berehala Joseba Asiron alkate dela?

Estilotik abiatuta, nahiko nuke jendeak sumatzea Iruñea pluralagoa, inklusiboagoa, askeagoa, feministagoa… Aldaketak gauza askotan sumatu daitezke. Larrialdi sozialean gaude. Hiru arazo nagusi ditugu: pobrezia, enplegua eta etxebizitza.

Zer egin dezake udalak?

Enpleguari dagokionez, mugatuak dira udalaren eskumenak, baina Nafarroako Gobernuak bultza ditzake hainbat politika. Beste bietan gauza gehiago egin dezakegu. Adibidez, auzoetan atzeman dugu Iruñean dauden etxebizitzen %12-13 hutsik daudela, eta ez dira merkatura ateratzen, arrazoi anitzengatik. Udalak berak baditu 200 etxe hutsik. Nola da posible gure Iruñea honetan, hainbat familia kale gorrian geratzen diren bitartean, 200 etxe huts egotea udalaren esku?

Sanferminak ate-joka dira. Ikurrinak izango du bere tokia festetan eta hirian?

Badu tokia herritarren kopuru handi batek propio bezala ikusten duelako eta ez delako beste erkidego baten bandera soila. Iruñean modu ofizial eta iraunkorrean egoteko egon behar du lege aldaketa bat eta bitartean guk, EH Bilduk, saiatuko gara ikurrina egoten orain arte egon den bezala,

Euskarari dagokionez, zer egingo du udalak?

Joan den legealdira begira, konformatuko ginateke orain arte egon den udal ordenantza bete izan balitz. Haiek egindakoa ere ez dute bete. Adibidez, Parque del Orfeon Pamplones euskaratzerakoan jartzea del Orfeon Pamplones parkea da euskarari trufa egitea, umiliagarria. Aurrera begira, nahi dugu beste ordenantza bat osatu, eta baldintza bat bete behar du: jo behar da euskararen normalizaziorantz. Euskara bada Iruñeko hizkuntza, iruindarren hizkuntza eta propio gisa tratatuz, parekotasunarekin.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.