Tortura

Hainbat eragilek torturaren aurkako manifestaziora deitu dute gaur zortzirako Iruñean

Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik zigortutako guardia zibilen zigorra baliogabetzearen kontra luzatu dute deialdia. Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba daude deitzaileen artean.

2011ko azaroaren 19a
16:43
Entzun

Euskal Herriko hainbat eragilek torturaren aurkako manifestazio nazionala deitu dute gaur. Datorren larunbatean egingo dute, Iruñean, eta zehazki Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzegatik zigortutako guardia zibilen zigorra baliogabetzearen kontra egin dute deialdia. Aste honetan baliogabetu du zigorra Espainiako Epaitegi Gorenak.

Deitzaileen artean daude, besteak beste, Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiak: ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba. Ane Ituiño eta Lorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko kideek egin dute iragarpena gaur. Esan dute Gorenaren epaia Euskal Herrian izaten ari den konponbidearen prozesuaren kontrako norabidean doala.

"Tortura bezalako indarkeria krudelari inpunitate osoa ematen dio epaiak", adierazi dute, eta azpimarratu dute gatazkaren erresoluzioan "azken urteetan izan diren giza eskubide guztien urraketak aitortzea" beharrezkoa dela. Epaitegi Gorenaren epaia erabat politikoa dela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.