Giza eskubideak

Hainbat erakundek giza eskubideen aldeko kanpaina abiarazi dute

NBE Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Adierazpena onartu zuenetik 70 urte betetzen direla ospatzeko.

'Eskerrak giza eskubideei ' lelopean, Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurrena ospatzeko kanpaina aurkeztu dute hainbat erakundek, gaur, Bilbon. BERRIA
gotzon hermosilla
2018ko urtarrilaren 15a
16:45
Entzun

Kanpainak urte osoa iraungo du, eta horretan Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalek, Eudelek eta EHUk hartuko dute parte. Dena dela, nabarmendu dute beste edozein erakundek parte hartu nahi badu horretarako aukera baduela.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusi Jonan Fernandezek esan duenez, kanpainak hiru helburu izango ditu: giza eskubideak "herrialde proiektu" gisa aurkeztea, "pluralismoa eta adostasuna" sustatzea eta "giza eskubideen kultura" bultzatzea. Kanpainaren leloa Eskerrak giza eskubideei izango da.

Ekitaldi ugari antolatuko dituzte kanpaina hori dela-eta, eta erakundeok urtero egin ohi dituzten beste batzuk egitarau horretan sartuko dituzte. Besteak beste, diseinu grafikoari buruzko kongresu bat udaberrian, Giza Eskubideen Nazioarteko Kongresua udazkenean, hainbat jardunaldi eta ikastaro, Donostian Aieteko Baliabide Pedagogikoen Zentroaren inaugurazioa, musika mikrokontzertuak eta beste zenbait ekitaldi antolatuko dituzte. Ospakizunei amaiera emateko, abenduaren 10ean -Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, alegia- Rene Cassin saria emango du Eusko Jaurlaritzak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.