Zortzi eta hamasei urte bitarteko haurrek surfean ikasteko aukera izan dute gaur goizean Zurriolako hondartzan, Donostiako Aste Nagusiaren egitarauan. Piratek antolaturik, 30 bat haur bildu dira, eta hiru txandatan banaturik, bizpahiru orduz uretan ibili dira. Saguesko Free Surf eskolako irakasleak izan dira ikastaroaren gidari, eta euria etsai izan arren, giro bikaina bizi izan dute. Lehenik lehorrean egin dituzte hainbat ariketa, eta ondoren salto egin dute uretara. Haur gehienek lehenengo aldia izan dute surfean, eta ez dira gaizki moldatu.
Haizea Busto piratetako kide eta ekimenaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, bi arrazoigatik antolatu dute ikastaroa: "Donostian jende askok praktikatzen du surfa, baina jaietan albo batera geratzen da. Horregatik, surfarekin zerikusia duten ekintzak prestatu ditugu aurten". Halako ikastaro bat antolatzen duten lehenengo aldia izan da aurtengoa. "Surfean ikasteaz gain, haurrek euren artean euskara erabiltzea ere badugu xede", aitortu du Bustok.
Saguesko Free Surf eskola bera jarri zen harremanetan piratekin, ikastaro bat gustura eskainiko zutela esanaz. "Lau irakasle ari dira guztia kudeatzen, eta boluntario ari dira gainera. Piratekin zerbaitetan parte hartu nahi zutela adierazi ziguten, eta ideia bikaina iruditu zitzaigun". Haurrek zein gurasoek goiz pasa ederra egin dute Zurriolan, eta hurrengo urteetan ere halako ikastaroak antolatzen jarraituko dutela baieztatu du Bustok.
Itsasoaz gain, bestelako ekitaldiak
Itsasoarekin zerikusia duten ekimenez gain, orain arte bezala, bestelakoak ere egongo dira gaur Donostian: sagardoko azoka, herri kirolak, tailerrak, lehiaketak, kontzertuak... Sagardo azoka 12:00etan hasi eta iluntzera arte egongo da Katalunia plazan. Igeldoko Harriak bere tokia egingo du Trinitate plazan 19:30ean, non harrijasotzaileek ikuskizuna eskainiko duten. 19:30ean folklorearen ordua izango da, betiko legez, eta Arkaitz Añorgako Dantzariak Parte Zaharreko kaleetan zehar dantzatuko dute. Gero, emanaldia eskainiko dute Konstituzio plazan.
Aste Nagusi piratak kontzertuak antolatu ditu gaurkoan ere: 20:00ean Tajon prieto y los Kuajalotes taldekoek La Flamenka gunean joko dute, eta 23:00etan Sen eta We Are Standard taldeen ordua izango da. Ordu berean, Nautikoko gunean, DJak musika jarriko du.