Euskal Herriko kirolari eta kirolari ohien talde batek espetxe politika aldatzeko eta euskal preso eta iheslari politikoak herriratzeko eskatu du, Euskal Pilota manifestuaren bitartez. Atzo aurkeztu zuten manifestua, Donostiako Haizearen Orrazia eskulturaren aurrean, Herrira mugimenduko hainbat kiderekin batera.
Kirolari horiek diote egoera berriak «inoiz izan gabeko aukerak» sortu dituela: «Eskubide galerak, askoren sufrimendua eta bazterkeriak atzean utzi, eta irtenbide justu eta egokiak eraikitzeko parada itzela dugu denok», diote manifestuan.
«Bakea eta soluzioak eraikitzen lagunduko duen egoera berria» beharrezkoa dela esan dute, «pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea eta esklusio oro desagertzea». Baina egoera berri hori sortzeko «trabarik handiena» kartzela politika da gaur egun, manifestuaren egileen arabera, «ehunka pertsonaren giza eskubideak baztertzen dituelako, esklusio eta mendeku bila dabilelako eta sufrimenduaren soka luzatzen ari delako».
Kartzela politika aldatzeko «giltza» gobernuen esku dagoela diote, «baina euskal gizartean dugu gobernuak pausoak ematera bultzatzeko giltza». Horixe da, haien ustez, «euskal pilota»: «Bakea eta konponbidea eraikitzeko, preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko erronka historikoa».
Manifestuaren sinatzaileek argi daukate: «Seiehun preso eta ehunka iheslari izanik, ezinezkoa da taxuzko bake egoerarik eratzea». Gatazkak sorturiko ondorio eta egoera guztiak konpontzea nahi dute, eta horien artean dago preso eta iheslari guztiak herriratzea. Horregatik eskatzen dute denak Euskal Herriratzeko, eta askatzeko gaixotasun larriak dituztenak eta zigor osoa edo hiru laurdenak beterik dauzkatenak. Eskatu dute, halaber, aukera zabaltzeko presoek konponbidean parte har dezaten, baita iheslarien jazarpena amaitzeko eta haiek herriratzea errazteko ere.
Euskal Pilota manifestuaren aurkezpenera hainbat kirolari eta kirolari ohi agertu ziren. Han izan ziren Amaia Nazar (areto futbol jokalaria), Aratz Mendizabal (pilotari ohia), Aritz Solabarrieta (Athleticeko jokalari ohia), Asier Alvarez de Eulate (errugbilaria), Eba Ferreira (Athleticeko jokalari ohia), Garazi Muniain (futbolaria), Iratxe Ibarra (pilotaria eta bertsolaria), Itsaso Perez (eskubaloi jokalaria), Izaro Arbe (zestapuntalaria), Karmele Lopez (futbolaria), Lourdes Lete (futbolaria), Mikel Aranburu eta Iker Sarriegi (Realeko jokalari ohiak), Mikel Epalza (Gaztedi Errugbi taldekoa), Onintza Mokoroa (La Unica errugbi taldekoa) eta Patri Espinar (pilota teknikaria).
Hainbat kirolarik ere euskal presoak herriratzeko eskatu dute
Salatu dute kartzela politika dela trabarik handiena irtenbideak eta bakea ekarriko dituen egoera bat sortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu