Gobernutik gertuko iturriek AFP berri agentziari jakinarazi diotenez, jihadisten aurkako operazio batean hainbat lagun hil dira gaur arratsaldean, Verviersen, Belgikako ekialdean. RTBF ikus-entzunezko hedabideak, Poliziaren iturriak aipatuz, informatu duenez, "talde terrorista" baten aurkakoa izan da operazioa. Lekuko baten arabera, tiroak entzun dituzte operazioa izan den tokitik gertu, eta hainbat lagun hil dira. Le Soir egunkariak jakinarazi du bi lagun hil direla, eta beste bat zauritu dela. Azken hura atxilotu egin dutela gaineratu du.
Belgikako Fislaltza Nagusiak iluntzeko zortzietarako agindu ditu operazioaren inguruko zehaztapenak, oraingoz, oso nahasiak baitira informazioak. Hainbat iturritatik zabaldu denez, Siriatik Belgikara iritsitako hiru pertsonen aurkakoa izan da operazioa, eta haiek lirateke biktimak. Poliziarik ez dela hil argitu dute Belgikako Poliziaren iturrietatik.
Polizia operazio hori arratsaldeko 17:45etan egin dute. Horrekin batera, goizean hasita, Bruselan hainbat lagun atxilotu dituztela ere jakinarazi dute.