Abenduan Bake prozesuaren aldeko ekimen juridikoa izeneko agiria sinatu zuten zuzenbidearen munduko hainbat kidek gaur esan dute, "nahiz eta Barajasen ETAk giza eskubideak larri urratu, bil pertsona hilda", lanean segitu eta "konpromiso aktiboa" eduki beharra dagoela "bake prozesu sendoa eta atzeraezina errekuperatzeko baldintzak sortzeko". Abenduaren 30eko atentatua "gizartearen gehiengoaren kontrako mespretxua" dela diote, "batik bat, euskal gizartearen kontrakoa".
Ekimeneko juristek "indarkeria erabat baztertzen" dute eta, hala, "edozein motako indarkeriaren behin betiko bukaera" exijitzen dute. Horrekin batera, abenduaren 18an Bartzelonan aurkeztu zuten agirian esan zuten bezala, hainbat neurri juridiko hartu behar direla diote berriro: "Alderdien Legea indargabetzearen alde egin behar du Espainiako Gobernuak, epaileek eta fiskalek prozesua trabatzea helburu duten legearen interpretazio bihurriak albo batera utzi behar dituzte, eta euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara eraman behar dira".
Epaileria munduko 150 lagunek sinatu zuten abenduan agiria, Kataluniako Kazetarien Elkargoan, eta tartean zenbait euskal herritar daude: Garbiñe Biurrun, Nekane San Miguel eta Ruth Alonso epaileak, eta Juan Jose Martinez Leunda eta Txema Montero abokatuak. Besterik: Rafa Calderon ACDDH Giza Eskubideen Defentsarako Kataluniako Elkarteko presidentea, Gemma Calvet Europako Abokatua Demokratikoen Elkarteko kidea, Ester Capella Kataluniako Jurista Demokraten Elkarteko presidentea, Carlos Jimenez Villarejo fiskal ohia, Patxuko Abrisketa Res Publica elkarteko abokatua, eta Merche Garcia Aran Zigor Zuzenbideko katedradun eta Politika Kriminal Taldeko kideak.
Abenduko ekimena berresten dutela esan dute gaur atera duten agiriarekin.
Hainbat legelarik diote "bake prozesu sendoa eta atzeraezina errekuperatzeko" lanean segitu behar dela
ETAren atentatua gaitzesteaz gain, berriro esan dute "edozein motako indarkeriaren behin betiko bukaera" behar dela eta Espainiako Gobernuak hainbat neurri juridiko hartu beharko lituzkeela. Abenduan 'Bake prozesuaren aldeko ekimen juridikoa' izeneko agiria sinatu zuten zuzenbidearen munduko 150 kidek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu