Politika

Hainbat protesta ekitaldi egin dira "hispanitatearen egunaren inposaketa" salatzeko

Ezker abertzaleko hainbat erakundek mobilizazioak egin dituzte eguerdi partean, batetik, "hispanitatearen egunaren inposaketa" salatzeko, eta, bestetik, beste zenbait aldarrikapen plazaratzeko, hala nola, errepresioaren aurkako mezua. Hain justu, AAM Aministiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta egin da mobilizaziorik jendetsuena, Iruñean. Antolatzaileen arabera, bi mila bat lagunek parte hartu dute 'Alde hemendik!' lelo hartuta egin den manifestazioan. LABek elkarretaratzeak egin ditu eta IAk herri eskolak antolatu ditu hainbat ikastetxetan.

2004ko urriaren 12a
17:53
Entzun
AAMk antolatuta Iruñean egin den manifestazioa eguerdiko ordubatean abiatu da autobus geltokitik, eta bi mila bat lagunek beste dute Gaztelu plaza arteko ibilbidea. Istilurik ez da izan; bai, ordea, tentsio uneak, Poliziak bi aldiz gerarazi baitu manifestazioa. Funtsean, Espainiako indar armatuak Euskal Herritik joateko eskatu dute: Euskal Herriak du hitza. Injerentziarik ez. Alde hemendik! jartzen zuen segizioaren hasierako pankartan. Hain zuzen ere, AAMko, Batasuneko, Segiko, LABeko zein IAko ordezkariak ikus zitezkeen manifestazio buruan.

LAB eta IA lanean

LAB sindikatuak, berriz, gaurkoa ez dela euskal herritarrentzat jai eguna aldarrikatu nahi izan du, eta, ondorioz, sindikatu horrek zabaldu egin ditu gaur ordezkaritza guztiak eta beharrean jardun dute LABeko kideek. Gainera, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean elkarretaratzeak egin dituzte, 12:30etan.

Rafa Diez LABeko idazkari nagusia Donostiako elkarretaratzean izan da, eta gaurkoa bezalako egunak ospatu beharra "iraingarria" dela esan du. "Pentsatzen dugu Euskal Herriko langileok eztabaida egin behar dugula jai egun honen ordez beste jai egun batzuk planteatzeko lan egutegian. Horrekin batera, uste dugu Euskal Herriko instituzioek antzeko zerbait egin beharko luketela; hau da, eztabaida ireki aztertzeko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako langileok zergatik ez daukagun gure lan egutegia propioa egiteko gaitasun politikorik", adierazi du. 2006rako festa egun horiek beste batzuekin ordezkatzeko eskatu die LABek Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari.

IA Ikasle Abertzaleak taldeak, berriz, herri eskolak antolatu ditu hainbat ikastetxetan Urriaren 12an klasera joanez historia idatziko dugu lelo hartuta. Mahainguruak eta beste zenbait ekitaldi egin dituzte eskola horietan.

Batasunak, berriz, gaurkoa "protesta eta aldarrikapen eguna" izendatu du gaurkoa, eta aipatutako erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeko eskatu zuen atzo. "Arrazaren hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna izanik, euskaldunontzat egun iraingarria da; euskaldunon eskubideen zanpaketa eguna", salatu zuen prentsa ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.