Hizkuntz normalizazioa

Hainbat udaletan hizkuntz eskubideetan atzerapausoak gertatzen ari direla salatu du Behatokiak

Hainbat udal administraziotan hartzen diren erabakiengatik “kezkatuta” agertu da Hizkuntza Eskubideen Behatokia. Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, hizkuntza eskubideen aferan atzerapausoa eragin dezakeen erabaki oro salatuko dute. Donostiako eta Azkoitiako udaletan hartutako erabakiak salatu dituzte gaur.

2005eko abenduaren 22a
16:39
Entzun
Arantza Haranburu Behatokiko kideak Donostiako udalak hartutako erabakia salatu du: Kirol Patronatuko Antolamendu eta Giza Baliabideetarako Arduradunaren lanpostuari hizkuntzaren ezagutza maila 4. hizkuntza-eskakizunetik 3.era jaisteko erabakia hartu dute. Haranburuk azaldu duenez, “Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2005eko irailean igorritako txostenaren arabera ez zegoen ezagutza maila jaisterik, baina, hala ere, jaitsi egin zaio”. Erabaki hori hartzeko argudioa aitzakia dela adierazi du Haranburuk: “Udalak lanpostuetan dagokion derrigortasun maila gainditu badu ere, ezagutza errealaren arabera ez da iristen, hortaz, horrelako erabakiak atzeratu besterik ez du egingo normalizazioa”. Ezagutza erreala eman dadin lanpostu bakoitzean beharrezkoak diren hizkuntza-eskubideak eta derrigortasun datak egiaztatu behar direla azaldu du Haranburuk.

Azkoitiari dagokionean, berriz, Udalak ez du egiaztatu arkitekto-tekniko zerbitzu buruak bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna betetzen duen ala ez. Horrela, Udalak berak onartutako biziberritze planaren aurka egin dutela dio Behatokiak. Are gehiago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak arauz kontrakoa zela agertu zuen txosten batean.

Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak behin eta berriz agertzen den ondorioa azpimarratu du: “Egun ez dago indarrean hizkuntza-eskubideen urraketak eragin ditzaketen neurriak geldiarazteko mekanismo juridiko-administratiborik”. Donostiako eta Azkoitiko udaletan gertatu bezala Bilbaoren arabera “lasaitasun osoz har daitezke normalizazioaren, legearen eta herritarren eskubideen bermearen aurkako erabakiak”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.