Bizkaiko hainbat herritan eta Arabako Luiaondon argindarrik gabe izan dira milaka herritar azken orduetan. Izan ere, haize bolada handiek -orduko 150 kilometroko abiadura iritsi dute une eta leku batzuetan- zuhaitzak eta adarrak bota dituzte Iberdrolaren argindar sarera, eta, halaber, kableak aten dituzte.
Hala, 14.000 herritar geratu ziren atzo argindar gabe, eta gaur goizean zehar berdintsu jarraitzen zuten Bizkaian Lanestosan, Karrantzan eta Barakaldon, eta Araban Luiaondon. Zehazki, Lanestosan eta Karrantzan 600 bezero inguru ziren argindarrik gabe zeudenak, eta Barakaldon 200 inguru. Elorrion (Bizkaia) 200 etxe izan dira zerbitzurik gabe. Iberdrolako teknikariek BERRIAri agertu diotenez, eguerdiko ordubata eta erdiak ingururako zerbitzua ia osorik abian jartzea lortu dute, eta etxe bakan batzuk ziren argindarrik gabe geratzen zirenak.
Argindar sarean ez ezik, beste arlo batzuetan ere eragin ditu arazoak haizeteak. Loiuko (Bizkaia) aireportuan, adibidez,gaur goizaldean lau hegaldi bertan behera utzi dituzte. Bizkaiko Diputazioko suhiltzaileek, berriz, 70 bat irteera egin dituzte bart haizeak eragindako arazoengatik, hala nola, arbolak edo murruak bota dituelako.
Gizartea
Haizeak argindar gabe utzi ditu milaka bizilagun Bizkaian eta Araban
Iberdrolaren arabera, unerik larrienean 14.000 herritar izan dira horniketarik gabe, baina eguerdiko ordubata eta erdietatik aurrera ia zerbitzu osoa ematen ari direla ziurtatu du. Haize bolada handiek hondatu dute argindar sarea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu