Sagardotegiko kanpoko aldean zintzilikatutako tabako makina, ostalari bat makina bat mailutzar batekin apurtzen... Urte hasiera zalapartatsua izan zen 2011koa. Erabilera publikoko leku itxietan erretzeko debekuak hamaika kritika eragin zituen, eta eztabaidagai izan zen Hego Euskal Herriko txoko guztietan. Ordea, zalaparta haren oihartzuna ere ez da entzuten hamabi hilabeteren buruan. Urte bateko haizeak eraman du kea.
Ostalaritzaren inguruan bildu zen eztabaida nagusia duela urtebete. Krisi ekonomikoaren erdian taberna eta jatetxe askoren etorkizuna kolokan uzten zuela salatu zuten. Salmenten jaitsiera %30era artekoa izango zela nabarmendu zuten askok. Urte baten ostean, egoera ez da iragarri zuten bezain beltza, bereziki positiboa ere ez bada ere.
Espero zuten %30eko jaitsiera ez da gertatu. %10 eta %5 artekoa izan daitekeela uste du Nacho Calvok, Nafarroako Ostalarien Elkarteko presidenteak. Ordea, gaineratu du legearen eragina ezin dela ukatu. 2011ko udan 700 lanpostu galdu ziren Nafarroako ostalaritzan. «Krisia hasi zenetik lehen aldia da horrenbeste lanpostu galtzen direla; krisiak eragina izango du, baina argi dago legea gogortzeak ere zerikusia duela».
Kalte ekonomiko nagusia jatetxeetan gertatu dela azaldu dute EAEko eta Nafarroako ostalaritza elkarteetako ordezkariek. «Ezustean harrapatu gaituzte jatetxeen kalteek; gauez irekitzen dituzten taberna eta dantzalekuetan espero genuen eragin gehien», aitortu du Calvok.
Kalte ekonomiko horiei 2006ko legera egokitzeko egindako lanak gehitu behar izan diete zenbait ostalarik, erretzaileentzako eta erretzaile ez zirenentzako eremuak bereizteko egindakoak. Ahalegin hori egin zutenei nolabaiteko kalte-ordainik eman ez izana gaitzetsi dute ostalariek.
Tabakoaren Espainiako Legearen eraginaren gogoeta beste ildo batetik egin du Enrique Senrak, Euskadiko Ostalarien Elkarteko presidenteak. Nabarmendu du Espainian onartu zuten Tabakoaren Legeak ekonomikokiez duela mesede egin, baina epe ertain eta luzera «oso ona» izango dela uste du 5.203 taberna eta jatetxe biltzen dituen elkarteko presidenteak. «Jatetxe eta taberna zehatz batzuk kenduta, tabernarien %90 pozik daude; denborak arrazoia eman dio legea idatzi zuenari».
Albo ondorioak, ezustean
Balorazio positiboa egin arren, Senrak uste du ez zituztela behar bezala pentsatu Tabakoaren Espainiako Legea onartzearen ondorioak. Erretzaileak kalera atera behar izateak eragindako behar berriak horren adibidetzat jo ditu: terrazak, berogailuak... «Terrazei baimena emateko ohitura dute udalek, baina ez dute tabernariekin adostasunik bilatzen irizpideak bateratzeko eta kalea zirku baten modukoa ez izateko».
Tabakoaren Legearen albo ondorioen azterketa ez egiteak beste zenbait araudi bateratzeko aukera galarazi duela nabarmendu du Senrak. «Ez dira irizpide bateratuak ezarri, eta horrek aukera ezberdintasuna ekarri du». Donostiako terrazak jarri ditu adibidetzat, haren ustez ez dutelako irizpide bera erabiltzen Parte Zaharreko edota beste auzoetako tabernen eskaerei erantzuterakoan. Izapide horiek egiterakoan ahalik eta esku hartze gutxien izateko eskatu die Senrak udalei.
Arazoak arazo, kalteak kalte, ostalariek ez dute argi legea aldatu beharko litzatekeen. Espainiako Gobernu berriak aurreratu du aldaketarik ez dela egongo, baina aldatzearen eragin positiboa zalantzan jarri dutela ostalariek. «Pintxoak kerik gabejatea gozamena dela ikusi du bezeroak, eta ez dut uste atzerapausorik onartuko lukeenik», uste du Calvok. «Egonkortu den arau bat aldatzea ez da positiboa», gaineratu du Senrak.
Ostalaritzan espero zen baino kalte gutxiago egin arren, tabako saltzaileak eragina sumatzen ari direla azaldu du Maria Isabel Gonzalezek, Espainiako Tabako Merkatari Enpresarien Elkarteko presidenteak. Salmentak jaitsi direla ohartarazteaz gain, kritikatu du araudia betetzen ez duten tabako saltoki berriak baimendu dituztela salmentei eutsi ahal izateko. «Zerga bilketa jaisten ari denez saltoki gehiago jartzea hipokrisia da».
Betetze maila handia
Tabakoaren Legeak eragindako kalteen ikuspuntu asko egon daitezkeen arren, ostalariak eta instituzioak bat datoz betetze mailarekin. Hego Euskal Herrian ia erabatekoa dela uste dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroako ikuskariek 1.179 bisita egin zituzten iaz Tabakoaren Legea betetzen zela frogatzeko, eta urte osoan 34 isun baino ez zituzten jarri, hau da, hamar egunetik behin isun bat.
Eusko Jaurlaritzak 230 salaketa jaso zituen abenduaren 23ra bitarte Tabakoaren Legearen harira. Horietatik gehienak ostalaritzarekin lotuta egon ziren, bi egunetik behin salaketa bat heldu baitzen horrekin lotuta. Gainontzeko salaketak lan eremuan, garraio publikoan eta saltokietan erretzeagatik jarri zituzten. Salaketa gehienak erabilera publikoko leku itxietan erretzen uzteagatik ipini zituzten: 165. Salaketak ikertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 60 ohar bidali zituen. Horretaz gain, urteak aurrera egin ahala salaketa kopuruak behera egin du. Urteko lehen hiruhilekoan 111 salaketa jarri zituzten, eta azken hiruhilekoan, 14.
Neurri horiek guztiek eta betetze mailak datu argigarri bat utzi dute 2011n: taberna eta jatetxeen barruko airearen kutsadura %90 jaitsi zen.
Eragina osasunean, ikusteko
Hego Euskal Herrian lau pertsonatik bat erretzailea bada ere, 50.000 biztanle inguruk erretzeari utzi zioten iaz. Ordea, erretzaileen jaitsiera ez da tabakoa uzteko botiken salmentan islatu, ez behintzat Nafarroan. 2010eko bukaeran eta 2011ko hasieran botika horien salmenta %32 igo zen arren, azaroan %50eko jaitsiera izan du, eta aurreko urteko datuak mantentzen dira. Nafarroako Gobernuak 348.000 euro eman ditu sendagai horiek diruz laguntzeko.
Erretzaileen datuen jaitsierak eta tabernetako kutsaduraren beherakadak osasunean izan dezaketen eragina zenbatzen hasi da Espainiako Gobernua. Miokardioko infartu akutuen%10eko jaitsiera Tabakoaren Legearekin lotu du, baita umeen asma kasuetan izan den %15eko beherakada ere. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernukoosasun arduradunek ez dute horri buruzko baloraziorik egin, bilakaera ikusteko datuak falta direlako. Ordea, legearen betetze maila mantenduz gero datuak helduko direla uste du Eusko Jaurlaritzak.
Osasuna. Tabakoaren Legeak urtebete
Haizeak eraman du kea
Hego Euskal Herrian jaitsi egin da tabako kontsumoa; 50.000 lagun inguruk utzi diote tabakoa erretzeari Tabakoaren Legea gogortu zutenetik. Ostalaritzan kalte egin arren, ez du espero zen eragin «zitala» izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu