Igerilekua. Zaballako espetxearen (Iruña Oka, Araba) inaugurazioan igerilekua izan zen argazki kamera gehienen jomuga. Ez hesi amaigabeak. Ez eguzki izpirik jasotzen ez duten patioak. Argazki gehienak igerilekuari egin zizkioten. Ordea, presoak bertara heldu zirenetik hamabi aste igaro dira, eta igerilekuak ez du urik. Liburutegia eta modulu soziokulturala erabili gabe dago oraindik. Ordea, hesi amaigabeak eta eguzki izpirik jasotzen ez duten patioak bertan daude.
Zaballako espetxea ireki aurretik iragarritako arazo guztiak bete dira, hamabi asteren buruan. Abenduaren 12an preso gehienak espetxe zaharretik Zaballara mugitu zituztenetik, agerian geratu da sindikatuek eta presoen eskubideen alde lan egiten duten elkarteek egindako kritikek oinarria zutela. Funtzionario faltaren ondorioz, ez dira ireki ere egin luxuzkotzat saldu zituzten azpiegitura asko, beste funtzionario batzuk heltzen ari diren arren.
Igerilekua, modulu soziokulturala liburutegia barne... Preso bakar batek ere ez du izan baliabide horiek erabiltzeko aukera. Are gehiago, ziegetan zegoen masifikazioa bukatzeko asmoa ere hutsean geratu da. Ohiko hamabi moduluetatik zazpi baino ez dituzte erabiltzen gaur egun. Dauden funtzionarioekin zaintza lanak egin ahal izateko hartu dute erabaki hori, horretarako preso askok ziega partekatu behar duten arren.
Gaur egun 700 preso inguru egon daitezkeela uste dute Hiesaren Kontrako Arabako Batzordeko harrera etxeko langileek, eta astero gehiago heltzen ari direla gaineratu dute. Ordea, ez dago datu ofizialik. Baina jakina da presoak zazpi modulutan banatuta daudela: bost gizonezkoenak, eta bi emakumezkoenak.
Espetxe zaharra, ahaztuta
Espetxe berriaren arazoek kartzela zaharraren ajeak areagotu dituzte azken asteetan. Abenduan, 563 preso mugitu zituzten Zaballako espetxera, baina beste ehun bat presondegi zaharrean utzi zituzten. Zigorraren zati bat kalean betetzen dutenak geratu ziren bertan, eta, ondorioz, pertsona gutxi egoten da egunez. Ordea, une askotan funtzionario bakarra baino ez dagoela salatu dute. Osasun arreta ere desagertu da bertan, osasun langile guztiak Zaballako espetxera joan baitira.
Salhaketak kritikatu du espetxe zaharreko presoak «abandonatuta» daudela.
Hamabi aste, eta urik ez
Langile faltaren ondorioz, Arabako espetxe berriaren baliabide asko itxita daude, eta bina preso daude ziega bakoitzeko, erabili gabeko bost modulu egon arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu