2010eko irailaren 14an atxilotu zituzten Rosa Iriarte Laset, Eneko Compains Silva, Jose Aldasoro Jauregi, Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea, Egoitz Garmendia Vera, Urko Asier Aierbe Sarasola, Erika Bilbao Barzena, Sandra Barrenetxea Diez eta Ugaitz Elizaran Aguilar. Ekineko kide izatea egotzi zieten, eta lehen bederatzientzat bederatzina urteko zigorra eskatu du fiskalak; hamabikoa Elizaranentzat.
Atxiloaldian Guardiak Zibilak torturatu egin zituztela salatu zuten. "Tortura saio latzak jasan genituen", gogorarazi dute zigor eskaeren berri emateko oharrean —salaketak ere jarri zituzten, eta zabalik daude oraindik haietako bi—. Behin-behineko espetxealdian izan zituzten ondoren, ia bi urtez, 2012ko uztailera arte.
Haien kontrako zigor eskaerak egin dituzte orain. Auzipetuetako zortziren aurka bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, eta hamabina urteko inhabilitazioa. Elizaranen aurka, berriz, hamabi urteko zigorra eta hamabost urteko inhabilitazioa.
AVT eta Dignidad y Justicia
Are zigor handiagoak eskatu dituzte akusazio partikular moduan diharduten elkarteek: AVTk, hamabina urteko zigorra bakoitzarentzat. Dignidad y Justiciak, berriz, hamaikana urteko espetxea zortzi lagunen aurka, eta hamalaukoa Elizaranen aurka.
Epaiketarako datarik ez dute oraindik.
2011ko urriaren 1ean jakinarazi zuen Ekinek desegitea erabaki zuela.