nagore laffage auzia

Hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Nafarroako Auzitegiak Yllanesi, homizidioagatik, ez erailketagatik

13:30ean jakinarazi du erabakia. Haren arabera, "nagusitasun fisikoz" aritu zen Nagore Laffage hiltzean, baina "intoxikazio etiliko arina" zeukan une hartan. Ostiralean zinpeko epaimahaiak Irungo neska hiltzea egotzi zion Yllanesi, hark ere homizidioa leporatuz, ez erailketa. Defentsak zazpi urteko espetxe zigor eskaera egin zuen -homizidioagatik-, fiskalak hamabi urte eta erdikoa, senideen abokatuak hamabostekoa -biek erailketagatik-. Laffage sendiaren abokatuak helegitea sartuko du.

2009ko azaroaren 20a
15:27
Entzun
Nafarroako Auzitegiak hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ipini dio Jose Diego Yllanesi, Nagore Laffage hiltzeagatik. Dena dela, auzitegiaren ustez, ez zen erailketa izan, fiskalak eta Laffage sendiak eskatu bezala, homizidioa baizik. Horixe bera zioen lehengo ostiralean epaiketako zinpeko mahaiak ere, eta defentsak ere hori aldarrikatu izan du epaiketan.

Laffage sendiaren abokatuak jakinarazi du Nafarroako Auzitegian helegitea jarriko duela, sententziarekin ez dagoelako ados. Bi asteko epea du horretarako. Defentsa aztertzen ari da helegitea jarri-ez.

Auzitegiak dio Yllanes "nagusitasun fisikoz" aritu zela Laffage hiltzean, baina "intoxikazio etiliko arina" zeukala une hartan, eta gero, "egindako kaltea konpondu" nahian, biktimaren familiari 126.853 euro eman zizkion.

Yllanes "alkoholaren eraginpean eta burua erabat galduta zeukala" aritu zela adierazi zuen epaimahaiak ostiralean. Ondorioz, defentsa abokatuaren eskaera hartu zuen aintzat. Honek, arrazoi haiek erabilita, Yllanesen aurkako zazpi urteko espetxe zigor eskaera egin zuen.

Zinpekoen epaimahaia osatu duten bederatzi kideetatik -sei emakume, hiru gizonezko- gutxienez seik egon behar zuten ados erailketa izan zela erabakitzeko. Nafarroako Auzitegian egin zuten epaiketa, azaroaren 2tik lehengo asteko asteartera arte.

Iazko uztailaren 7an hil zen Laffage, Iruñean, eta Yllanes izan zen hiltzaile gisa akusatu dutena. Honek epaiketan aitortu zuen berak hil zuela, baina orduan "edanda" zegoela zioen. Neska hiltzean, haren gorpua Sorogainera (Nafarroa) eraman zuen.

Javier Muñoz fiskalak hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Yllanesentzat, erailketa egin zuela egotzita. Laffageren senideen abokatuak hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen, erailketagatik.

Irungo eta Iruñeko udalak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak herri akusazio gisa aurkeztu ziren, hamabost urteko espetxe zigor eskaerekin.

Gaur eguerdian ere elkarretaratzea egin dute Iruñean, auzitegiaren aurrean, Emakumeei erasorik ez lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.