Hamabi urteko ikasle guztien %6,2k eskola jazarpena jasan dute azken asteon Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Lehen Hezkuntzako (LH) bullying kasuei buruz egindako azterketaren arabera. Jarduneko sailburu Anjeles Iztuetak aurkeztu zuen atzo Lakuan eskainitako prentsaurrekoan.
Irakas-Sistema Azterlana Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) egin du lana, 88 eskolatako ia 3.000 ikasle aukeratuta. Azterketak erakutsi du LHko bukaeran gertatzen dela eskola jazarpen gehien, ikasleek 11 eta 12 urte dituztelarik; jazarpena fisiko edota psikologikoa izan ohi da.
Lehen Hezkuntzako biktimen indize orokorra %5,8koa da. Iazko amaieran EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) bullying-ari buruz egindako azterketa aurkeztu zuten. Tasa%3,7koa zen, LHkoa baino txikiagoa.
Iztuetak dei zuzena egin zien familiei, irakasleei eta gizarte osoari: «Adi-adi egon behar dugu denok, indarkeria kasuok pertsona heldu denean berriro gertatzeko arriskua baitago».
Jarduneko kontseilariak indar handia jarri zuen erantzukizuna batek baino gehiagok daukala igortzerakoan: «Denon ardura da pausoak ematea. Auzi hau ez dago soil-soilik eskolaren esku».Gainera, emakumeen aurkako biolentzia dela-eta, gizartea sentibera bihurtu izana adibidetzat hartu zuen. «Datozen urteetan eskolako berdinen arteko tratu txarren inguruan ere borrokatu beharra daukagu».
Datuak eskuetan geletan ezer ez dela gertatzen ari esatea «ez-ikusiarena» egitea izango litzatekeela ohartarazi zuen. Ildo horretan, Iztuetak nabarmendu zuen «onartu ezineko biolentzia» dela sarri askotan biktimek beraiek, eragileek nahiz lekukoek ukatu eta ezkutatutako gertaera izanik ere.
Behin LHko eta DBHko arazoei buruzko argibidea eskuratuta, irakasleek nola jokatu behar duten azaltzeko araurik ba ote den galdetu zioten Iztuetari. Izan ere, jazarpenak zenbait ezaugarri berezi ditu. Adibidez, LHko kasuak gehienbat jolastokian jazotzen dira. Iztuetak erantzun zuen Jokin Zeberio gaztea hil zenetik jokaerari buruzko ituna indarrean ezarri dutela irakasleek egin beharrekoak argitzeko.
ISEIren txostenak bullying-aren ezaugarriak jasotzen ditu atalka. Hona horietako batzuk:
BIKTIMAK: EAEko LHko zentroetako biktimei gehien gertatzen zaiena da gelakide batzuek barregarri uzten dituztela edota horretarako goitizenak jartzen dizkietela; bigarren arazoa da irainak botatzen dizkietela; hirugarrena kideak gaizki esaka aritzen direla biktimaz; eta laugarrena da jo egiten dutela. Azterketak agertu du alde nabarmena dagoela LHko eta DBHko indizeen artean: aipatu lau kasuetan nahiz gainerakoetan askoz ere handiagoa da LHn DBHn baino.Beste atal batek ebaluatu du biktimak norekin hitz egiten duen jasaten duen arazoari buruz eta %14k inorekin ere ez dutela komunikatzen aitortu dute. Norbaitekin hitz egiten dutenek, berriz, familiarekin egiten dute normalean (%60), lagunekin ere bai (%47), baina oso gutxik jotzen dute irakaslearengana (%18).
LEKUKOAK: Atal honek ekarri du punturik deigarrienetako bat. Ikerketari jarraiki, LHko hiru ikasletik batek azken aste honetan ikusi du kideren bat beste bati joka ari zela; maiztasuna askoz handiagoa da DBHko ikasleen arteko azterketan atal berdinean jaso ziren erantzunen aldean. Halaber, LHko ikasleen %48k kideren baten aurkako irainen bat entzun dute ÐDBHko tasa %55 zenÐ. Norbaiti buruz gaizki esaka aritu edo goitizen iraingarriak ipintzearen lekukoa izatea ere maizago gertatzen da DBHn LHn baino. Kideak jotzen edo norbaiti parte hartzen ez zaiola uzten ikustea, berriz, ohikoagoa da LHn.g JAZARLEAK: Tratu txarrak eragiten dituztenen ikuspegiaren arabera, LHko jazarleek DBHkoek baino gehiago jotzen dute kidea; berdin gertatzen da kidearen gauzak hautsi edo ondokoari parte hartzen ez uztearekin. Hala eta guztiz ere, DBHn bezala, kideaz gaizki esaka aritzea edo irainak botatzea da jazarleak gehien ibiltzen dituen jokabideak.
GENEROAK: Alderik ez da ia LH eta DBHko jazarlearen generoari dagokionez. Ohikoena da mutil batzuek egitea (%47 LHn), mutil bakar batek gutxitan egiten du (%18) eta neskak eta mutilak batera are gutxiagotan aritzen dira (%13).g TOKIAK: Biktimei galdetu diete nongoak diren jazarpena eragin dietenak ,eta erantzunak bat datoz iaz DBHko gaztetxoek emandakoekin. Hala, erasotzaileak biktimaren gelan bertan egoten dira normalean (hamar kasutatik seitan); gelakoak ez baina maila bereko besteren batekoak dira gutxitan (%16) eta goragoko maila batekoak dira zenbaitetan (%13).Era berean, azterlanak ebaluatu du bullying hori jazotzen den tokia, eta atal horretan dezenteko aldeak daude: DBHn ohikoena gelan bertan gertatzea bada, LHn jolastokian izaten da batez ere (%42).
BELDURRAK: «Beldurrik izan al duzu eskolara etortzean?». Horixe galdetu zaie LHko ikasleei eta %63k erantzun dute ezetz, inoiz ez direla beldurrez joan gelara. Aitzitik, heren batek dio beldurrez joan dela eskolara: %31k noizbait, %3k sarritan eta %1ek ia egunero.Beldurraren arrazoiez galdetuta, neska-mutilen %37k esan dute arrazoi nagusia dela kideren baten beldur izatea; beste horrenbestek erantzun dute lanak, notak eta abar zirela kausa.
IRAKASLEAK: ISEIren ebaluaketak luze eta zabal aztertu du ikasleek irakasleekin izaten duten harremana. Gehiengo batek dio irakasleek ondo edo oso ondo tratatzen duela; hamarretik zortzik diote hori.Bullying kasuren bat gertatzen denean irakasleek zer-nola jokatzen duten galdetuta, LHko ikasleek diote jazarleak zigortzea dela ohikoena (%38). Hala ere, askok erantzun dute ez dakitela irakasleek zerbait egiten duten edo ez (%28) eta gutxi batzuek diote irakasleak ez duela ezer egiten ez delako jazarpen kasuaz ohartzen (%8); lau kasutik batean irakasleak parte hartzen du jazarpena bertan behera uzteko (%25). Neska-mutilen irudipena da eskuarki lagun batek edo gurasoek hartuko dutela esku, norbaitek eginez gero, baina irakasleak gutxitan aritzen direla horretan.
HEZKUNTZA. ESKOLA JAZARPENA
Hamabi urteko ikasleen %6,2k 'bullying'-a jasan dute azken astean EAEn
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako azterketa batek ohartarazi du Lehen Hezkuntzako hiru ikasletik batek ikusi duela ikaskideren bat beste bat jotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu