Hamabost parke eoliko adjudikatu ditu Jaurlaritzak, eta Kolometakoa baztertu du

Orain, sei hilabete dituzte enpresek, proiektuak idatzi, eta ingurumen eraginaren azterketak prestatzeko

inaki petxarroman
2008ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak 15 parke eoliko adjudikatu dizkie hainbat enpresari, eta EAEko Energia Eolikoaren Planean ageri zen Kolometako parkea baztertu egin du. Izan ere, Kolometakoa Gorbeiako Natur Parkearen barruan zenez, bertako kudeatzaile den Partzuergoaren iritzia kontuan hartu behar zuen Jaurlaritzak parkea egiteko tramitearekin jarraitzeko. Partzuergoak baztertzeko eskatu du, ingurumen irizpideak kontuan hartuta.

Onartutako hamabost proiektuetatik handienak Araban daude (Iturrieta, Alda-Arlaba eta Arkamu), eta 50 megawatteko potentzia izango du haietako bakoitzak. Aurreikusitako inbertsioa 330 milioi eurokoa izango da.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, parke eoliko horiekin eta gaur egun Araban eta Bizkaian martxan direnekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren laurdenen energia kontsumoa ase ahal izango dute.

Gaur egun 153,5 megawatteko potentzia daukate martxan diren parkeetan -Oiz, Bilboko portua, Elgea-Urkilla eta Badaia-. Orain esleitu dituzten parkeekin 290,6 megawatteko ahalmenera iritsiko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jarritako potentzia eolikoa.



INGURUMEN AZTERKETA. Enpresek sei hilabeteko epea dute orain instalazioaren oinarrizko proiektua idatzi eta ingurumen eraginaren azterketa aurkezteko. Bi agiriak jendaurrean jarriko dituzte, eta alegazioak egin ahal izango zaizkie. Udalei, foru aldundiei eta beste erakunde batzuei txostenak eskatuko dizkiete.

Informazio hori guztia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera igorriko dute, eta hark ingurumen eraginaren adierazpena egingo du. Adierazpen hori loteslea izango da, eta negatiboa bada, ezingo da proiektua aurrera eraman.

Parke eolikoen tramitazio hau hastearekin batera, Industria Sailak Energia Eolikoaren Lurralde Arloko Plana berrikustea abian jarri du. Modu horretan, Eusko Legebiltzarrak martxoaren 14ko osoko bilkurak agindutakoa bete du. Lan hori foru aldundiekin, eta Eudelekin batera egingo du. Prozesu horren emaitzak izan arte, Industriak ez du parke eolikorik baimenduko.

Parke eolikoen planak kritika ugari eragin ditu hainbat erakunderen artean, mendietanizango den eragina dela eta. Araban, adibidez, Mendiak Lau Haizetara plataforma eratu dute herritarrek, egitasmo hauek geratzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.