Hego Euskal Herriko epaitegietan 5.574 tratu txar salaketa jaso zituzten iaz: batez beste, hamabost eguneko. Horietatik %18k, 975ek, salaketa kendu egin zuten. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eman ditu datuak. 2010eko zenbakiekin alderatuz, gora egin du salaketen kopuruak: orain bi urte baino 1.223 gehiago izan ziren iaz. Orain bi urte ia hamabi salaketa jarri zituzten eguneko: 4.351 urte osoan.Azken lau urteetako daturik baxuena izan da hori. Altuena, berriz, aurtengoa da.
Adituek eta talde feministek maiz ohartarazi dute salaketa jartzea urrats zaila dela andreentzat, eta badirela jarri ostean atzera egiten dutenak. 2010ean, adibidez, lautik batek erabaki zuen salaketa kentzea; iaz bostetik ia batek egin zuen hori.
Babes neurrien inguruan ere eman ditu datuak Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Iaz 1.239 babes eskari egin zituzten. Horietatik 784 onartu zituzten: %63, hain zuzen ere.
Espainiako Osasun ministro Ana Matok duela pare bat hilabete iragarri zuen aldaketak egin asmo dituztela genero indarkeriaren aurkako politiketan. «Berdintasuna lortzeko bitartekoak bikoiztu nahi ditugu, eta daudenak optimizatu», adierazi zuen. Besteak beste, arreta jarri nahi dute biktimen seme-alabengan. Matok aurreratu zuen genero indarkeriaren aurkako estrategia aurrera eramateko boluntarioen sare bat osatu nahi duela. «Jende asko dago laguntzeko prest».
Tiroketa Fiteron
Bestalde, udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Gasteizen, ustez bikotekide ohiarekiko zuen urruntze agindua apurtu eta hari irain egiteagatik. Emakumeak berak eman zien abisua udaltzainei.
Foruzainek, berriz, 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten herenegun Fiteron (Nafarroa), ezkonarreba tiroz larri zauritzea egotzita. Nafarroako Gobernuak berri eman duenez, 12:00 aldera gertatu zen erasoa, Gustavo Adolfo Becquer kaleko etxe bateko atarian. Ustezko erasotzailea tiroka hasi zitzaion emakumeari. Familia arteko eztabaidak zituztela uste dute. Gizonak ihes egin zuen,baina gero atxilotu egin zuten. Arma baratze batean aurkitu zuten. Andrea erietxera eraman zuten. Onik dago.
Hamabost tratu txar salaketa eguneko, Hegoaldean
Salaketa jarri dutenen %18k kendu egin dute, Espainiako Botere Judizialak emandako datuen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu