#BERRIAk15

Hamabost urte, eta aurrera begira

BERRIAk ekitaldi jendetsua egin du Martin Ugalde kultur parkean, hamabosgarren urteurrena ospatzeko. Erakundeetako eta euskalgintzako ordezkari ugari bildu dira, eta dozenaka jarraitzaile. Egindako ibilbideaz ez ezik, aurrera begirakoaz aritu dira: babes handiagoa eskatu dute euskarazko kazetaritzan jarraitzeko. Ekitaldia osorik, albistearen amaieran.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 20a
06:57
Entzun

Egun handietako giroa, jende mugimendu handia izan da arratsean Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Kultur parkeko ikurretako batek, BERRIAk, hamabost urte beteko ditu bihar, eta hori ospatzeko ekitaldi jendetsua egin dute.

BERRIAren irakurle eta jarraitzaile ugari bildu dira saiora, eta hainbat eragiletako ordezkariak ere bai. Instituzioetatik adibidez, Eusko Jaurlaritza —Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburua— eta Gipuzkoako Foru Aldundia —Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria—. Alderdi politikoetatik, EAJko ordezkaritza izan da —Joseba Agirretxea diputatua—, EH Bildukoa —Pello Urizar, Maiorga Ramirez eta Dabid Anaut, besteak beste—, eta EAEko Ahal Dugukoa —Lander Martinez idazkari nagusia—. Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe ere ekitaldian izan da. Horiekin batera, euskalgintzako dozenaka eragiletako arduradunak: Kontseilua, Euskaltzaleen Topagunea, AEK, Ikastolen Elkartea, Elkar...

Hamabost urtean egindakoak eta izandako zailtasunak errepasatu ditu Martxelo Otamendi zuzendariak: "Saiatu gara urteotan Euskal Herrian eta munduan jazo diren gertakizunen berri ematen, eta berriarekin batera azalpena eta analisia ere bai kasu askotan". Urtez urte egokitzeko egindako ahalegina nabarmendu du, eta egunero egunkari profesionala egin duela BERRIAk: "Ahalegina egin dugu, zuek jarriko diguzue nota, askotariko iritziak biltzen, gure egunkarian agertu nahi izan dutenei ahotsa eta irudia ematen. Ez dugu dena ondo egin, bistan da, eginahalak egin ditugu akatsetatik ikasten eta dakitenengandik onena hartzen".

Aldaketa garaiak dira hedabideetan, eta euskarazkoei ere bete-betean eragin die horrek: digitalizazioaren eskutik erronka handia iritsi da, eta ezinegona. "Inoiz egon den jardunik egonkorrena, aldakaitzena, egunkari bat egitea, aurreikusezinena bihurtu da; inork ez dakiela zer eta nola egingo dugun bost urte barru". Otamendiren esanetan, hala ere, euskarazko komunikabideak ari dira urratsak egiten: "Jarri dugu euskara munduko hizkuntza handien kale berean; erakusleiho txikiagoa da gurea, baina kale berean gaude".

Digitalizazioaren eskutik etorritako aldaketa horren erdian, hedabideen iraupenarena da gakoetako bat: gero eta gehiagorengana iristen diren eduki horiek nola finantzatu. Orain arte egindakoaren bidetik, elkarlanerako mezua zabaldu du BERRIA Taldeko lehendakariak, Beatriz Zabalondok: "Euskal komunitateak euskarazko hedabideen alde bultza egitea". Geroa zugan leloarekin ari dira mezu hori zabaltzen azken hilabeteetan: BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko, babesa behar duela euskarazko egunkariak. Herritarrei eta erakundeei egin diete dei. Baita urteurreneko ekitaldian ere: "Beharrak handiak dira, eta elkarrekin bultza egitea dagokigu".

[youtube]https://youtu.be/pTECvgxiy24[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.