Hamabost urte iraun duen gatazka

Ivan Santamaria.
2014ko maiatzaren 13a
10:20
Entzun

Europatik iritsi diren erabakiek behin baino gehiagotan sortu dute ezinegona Euskal Herrian. Orain dela gutxi, ontziolen inguruak izan ziren. Beste garai batean, izan ziren liskarrak nekazaritzari lotutako politikarekin ere. Baina, beste ezerk baino gehiago, opor batzuek sortu zuten Bruselaren eta euskal erakundeen arteko dibortzio sonatuena: opor fiskalek.

Istorioa azaltzeko, hogei urte atzera begiratu behar da. 1993. urtean zen, eta Jose Antonio Ardantza jeltzalea zegoen Ajuria Eneko jauregian, PSE-EEko aliatu leialaren laguntzarekin. Urte gogorrak ziren. Industriaren bigarren birmoldaketa krisi ekonomiko gordin baten erdian egiten ari zen, eta langabezia tasa %25era iristeko zorian zegoen.

Aldundiengana jo zuen Ardanzak. Egia esan, EAJk kontrolatzen zituen EAEko lau erakunde nagusiak. Ekonomiari bultzada bat emateko asmoz, zerga sistema erabiltzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, 480.000 eurotik gorako inbertsioa egin eta gutxienez hamar lanpostu sortzen zituzten enpresak hamar urterako sozietate zerga ordaintzetik libratuko ziren. Zergak ordaindu gabeko hamarkada horri opor fiskalak ezizena jarri zitzaion laster. Bi urtez izan ziren indarrean, eta Nafarroak antzeko araua erabili zuen.

Pare bat urte geroago, beste bi pizgarrirekin egitasmoa luzatzea erabaki zuten Jaurlaritzak eta aldundiek. Alde batetik, 15 milioitik gorako inbertsioen %45 berreskuratzeko aukera emango zitzaien enpresei, kreditu fiskal baten bidez. Bestetik, opor fiskalen beste bertsio bat jarriko zuten martxan. Etekinak zituzten lehen lau urteetan kenkari oparoak jasoko zituzten enpresek: %99, %75, %50 eta %25.

Atzerriko inbertsio handiren bat erakartzeko bereak eta bi egingo zituzten EAEko erakundeek. Azkenik, lehia estu baten ondoren, industria eta zerga politikaren lehen fruitua garaipen modura aurkezteko aukera zuten. Daewoo Hego Koreako multinazional handiak lantegi bat paratuko zuen Araban.
 

Daewoo, txinparta

Jakina denez, kontzertu ekonomikoari esker zerga ogasun propioak edukitzeko eta zerga batzuk arautzeko eskumena dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek. Haatik, opor fiskalek eta antzeko neurriek azkar piztu zuten mesfidantza, bai Espainiako inguruko lurraldeetan —Errioxan, batez ere—, bai eta euren burua kaltetutzat jotzen zuten enpresa edo sektoretan ere.

Daewook abiatu zuen dantzaldia. 1996ko ekainean, hozkailu enpresen elkarte nagusiek —tartean MCCren Fagor ordezkatzen zuena— multinazionalari emandako laguntzak salatu zituzten Europan. Hilabete batzuk geroago, Errioxako Gobernua sutan jarri zen, Ramondin upategiak bere kokalekua hamar kilometro mugitu eta Arabara lekualdatzea erabaki zuelako. Errioxako Gobernuak Bruselara jo zuen, era berean. Oraindik guztiz amaitu ez den prozesu judizial baten hasiera baino ez zen.

Salaketek ez zutela inolako funtsik argudiatu zuten EAEko administrazioek. Burujabetza fiskala argudiatu zuten, halako neurriak justifikatzeko. Konfiantza guztia izateak ez zuen balio izan, eta 1999an Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo zituen hala Daewoori nola Ramondini emandako laguntzak. Uztailean, gainera, urrats bat gehiago egin zuen Europak: arauak ikertu zituen. Alegia, laguntza guztiak zeuden susmopean.

Burokrazia nahiko arrotza zen orduan Europa. Urrun zegoen Brusela. Antza, urrunegi aldundi batzuk emandako kenkari batzuetaz kezkatzeko. Begirada inuzente edo harroxko hori agerian utzi zuten ondoren aurkako epaiek. Esaterako, kenkari fiskalak ez zitzaizkion sekula Bruselari jakinarazi. Soilik horregatik legez kanpokoak zirela ohartarazi zuten ondoren epaileek.

Bruselaren tresneria —motela, baina gupidagabea— martxan zegoen arau fiskalen aurka. Etxean beste fronte bat ireki zitzaien aldundiei. Espainiako Gobernuak, PPren esku, arauen aurka jo zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Sesio guztiaren erdian, kontzertua bera arriskuan egon zitekeen. 1997an EAEko auzitegiak arauei buruz galdera bat igorri zion Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari, arauak legezkoak ziren edo ez argitzeko.

Luxenburgon kokatuta dagoen epaitegiaren iritziaren beldur ziren euskal administrazioak. Kanpotik kontzertuaren gisako sistema bat ondo ulertuko ote zuten edo horren aurkako iritzia nagusituko zen itxarotea gehiegizko arriskua hartzea zen. Azkenik, 2000. urtean akordio bat sinatu zuten Ajuria Eneak eta Moncloak: opor fiskalak eta kreditu fiskala bertan behera geratu ziren, eta, trukean, hasitako auzia erretiratu zuen Espainiak.

Kontrako epai arrosarioa

Baina Moncloa ez bezala, Europako Batzordea ez zegoen prozesua bertan behera uzteko prest. Zerga neurriak legez kanpokoak zirela ebatzi zuenetik, helburu ia bakarra izan du buruan: emandako laguntza guztiak berreskuratu behar zituzten erakundeek, 800 milioi euro baino gehiago.

Hamabost urtez elkarren aurka lehian aritu dira EAEko erakundeak eta Brusela. Guztietan atera dira galtzaile Jaurlaritza eta aldundiak. Azken gurutzada enpresek emandako laguntzak ez bueltatzeko egin da, baina horretan ere pott egin dute. Oraindik azken atala idazteko dago, isun ekonomikoa jarriko zaien edo ez praktika horren ondorioz, eta zenbatekoa izan daitekeen.

Pozteko aukera gutxi izan dituzte EAEko erakundeek bide horretan. Bakarra izan liteke, akaso, Azoreetako egoerari buruzko epai batean oinarrituta kontzertu ekonomikoa Europako legeekin bateragarria zeneko aitorpena. Sistema propioaren aurkako balizko mehatxua uxatzeak, hala ere, argiago utzi du orain hogei urteko opor fiskalekin benetan gertatu zena: ez ziren sekula legezkoak izan, ez eta Europako Batasunarekin bateragarriak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.