Gero eta gertuago dago ekainaren 8rako Gure Esku Dago mugimenduak antolatutako giza katea, eta, data gerturatu ahala, ugaritzen doaz herriz herri antolatutako ekitaldiak. Egitarau oparoa prestatu dute datorren astebururako.
Besteak beste, Realak eta Vila-realek igandean Anoeta estadioan jokatuko duten partida baliatuko dute Durango eta Iruñea batuko dituen katearen berri emateko. 12:00etan da partida, eta giza kate bat osatuko dute Anoeta aurrean 11:15ean.
Igandean Anoetara? ba erabakitzeko eskubidearen alde hitzordu bat duzu 11:15etan. Zatoz eta zabaldu! @GureEskuDagopic.twitter.com/Sl7biO0iTL
— GureEskuAmaraBerri (@GureEskuAmaraBe) May 15, 2014
Urbian ere osatuko dute katea. Hainbat eskualdetako lantaldeen artean antolatuta —Debagoiena, Goierri, Urola eta Arabako lautadakoak—, 12:00etan batuko dira Aizkorri magalean. Larunbatean, berriz, Bilbon, San Inazioko Levante plaza eta Deustuko Done Petri lotuko dituzte kalejira batean, 18:00etan. Larunbatean bertan, Lasarten (12:00-13:00 artean kale nagusian) eta Andoainen (eguerdian goiko plazan) egingo dituzte giza katearen entseguak. Zornotzan, berriz, igandean egingo dute katea.
@GureEskuDago Igandean denok PARKEra, Giza Katea osatzera pic.twitter.com/MmvVwnrG6w
— Gure esku ZORNOTZA (@GureskuZORNOTZA) May 14, 2014
Horiez gain, Gure Esku Dago egunak antolatu dituzte larunbaterako Donostiako Intxaurrondo auzoan, Elizondon eta Ondarroan.
Hitzaldiak
Hainbat hizlari ere mintzatuko dira erabakitzeko eskubidearen inguruan. Bihar, Francisco Letamendia Ortzi eta Iñigo Urrutia EHUko irakasleak eta Zelai Nikolas legelaria solastatuko dira Itzubaltzetako kultur etxean (19:00). Larunbatean, berriz, Angel Oiarbide Gure Esku Dago mugimenduaren sustatzaileak eta Ricard Vilaregut politologo kataluniarrak Abadiñoko Txanporta kultur etxean hitz egingo dute.