Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan euskara hutsez emitituko duten tokiko telebistak egongo dira. Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen baitan bildu diren ekimenek aurkeztu zituzten eskaera guztiei baimena eman die Eusko Jaurlaritzak, eta, beraz, eskualde bakoitzean euskarazko kate bana egotea ziurtaturik dago.
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea honako enpresek osatzen dute: Euskarazko Komunikazio Taldeak (BERRIA eta Hitza-k), Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkarteak (Gara eta Le Journal), Corporacion Multimedia del Nortek (Deia eta Noticias egunkariak), Euskaltelek, Elkarrek eta Bainet ekoiztetxeak.
Lurreko telebista digitaleko lizentzien banaketaren berri eman zuen atzo Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluaren ondotik. Plangintza teknikoaren arabera, hamabost barrutitan banatu zituzten Araba (bi), Bizkaia (sei) eta Gipuzkoa (zazpi). Eskualde bakoitzean lau katerentzako tokia gorde da. Orotara, 60 banatzeko ardura zegokion gobernuari.
Udalek lehentasuna zuten baimenak eskatzeko, eta, aldez aurretik, zenbait kate gorde zizkien gobernuak. Soilik Donostiako Udalak, eta Barakaldo, Portugalete, eta Santurtzikoek - elkar hartuta - eskaera egin, eta baimena eskuratu dute. Mungian, berriz, kate bat eman gabe geratu da, hiru eskaera baino ez zeudelako.
LAN HANDIA EGITEKE. Kasu batzuetan, behin behineko baimena baino ez du eman gobernuak, arazo tekniko batzuk zuzentzen diren bitartean. Hain zuzen ere, telebista bateko akziodun batek ezin izango du eskualde bereko beste kate batean parte-hartze adierazgarririk izan. Egoera horretan daude Hamaika taldeak sustatu dituen zenbait telebista, baina egoera konpontzeko arazorik ez dutela aurreratu du Iñaki Uria Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko zuzendari nagusiak.
Edonola ere, aurretik «lan handia» geratzen dela uste du Uriak. Tramite ugari gainditu eta proiektuak mamitu behar dira oraindik. «Martxan egoteko bi urte eta erdi beharko dira gutxienez». Nolanahi ere, helburu nagusia, euskarazko telebistak bermatzea, lortu dutela azpimarratu du.
Hamaika taldeak telebista baimenak lortu ditu EAEko 15 barrutietan
Eusko Jaurlaritzak lurreko telebista digitalen baimenak nori eman dizkion jakinarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu