Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak hitzarmenak sinatu ditu tokiko bost telebistarekin; zehazki, Goiena, Tolosaldeko Komunikabideak, Urola Kostako Komunikabideak, Goierri Ikuskari eta Oizmendi Telebistarekin. Debagoiena, Tolosaldea, Urola Kosta, Goierri eta Lea-Artibai Busturialdea eskualdeetan aritzen dira, hurrenez hurren, telebista horiek.
Hitzarmen horien helburua da Jaurlaritzak barrutika banatuko dituen lurreko telebista digitalerako lizentziak eskuratzeko elkarlanean jardutea. Hala, Hamaikak enpresa horietako bakoitzean partaidetza izango du, eta enpresa horien bidez lehiatuko da eskualde zehatz horretako lizentziaren bila.
Guztira, hamabost barrutitan banatu ditu Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa telebista digitaleko lizentziak banatzeko. Beste hamar barrutietan ere aurkeztuko da Hamaika, eskualde bakoitzeko euskalgintzako eragileekin itunak eginda: Bilbon, Barakaldon, Getxon, Mungian, Durangaldean, Donostialdean, Oarso-Bidasoan, Gasteizen, Aiaran eta Debabarrenean. Barruti bakoitzean euskara hutsezko kate bat egon dadin bermatu nahi du Hamaikak.
Gaurko agerraldian agertu dutenez, barrutietako lizentziak eskuratu ondoren euskarazko toki telebisten sarea antolatu nahi dute, ekoizpen komunak egiteko eta publizitatea kudeatzeko. BERRIA argitaratzen duen eta HITZA egunkarietan partaidetza duen EKT enpresak, Corporacion Multilmedia del Nortek (Noticias taldeko egunkariak plazaratzen ditu), EKHEk ( Gara--ren argitaratzailea), Euskaltelek, Elkarrek eta Bainet-ek osatzen dute Hamaika.
Komunikazioa
Hamaikak eta tokiko bost telebistek hitzarmenak egin dituzte
Gipuzkoako Debagoiena, Goierri, Urola Kosta eta Tolosaldea eskualdeetakoak eta Bizkaiko Lea-Artibai Busturialdekoak dira telebista horiek, eta digitalerako lizentzia lortzeko elkarrekin arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu