Hamalau egunez greba egingo dute datozen asteotan Bizkaiko Etengabeko Arreta Guneetako langileek, larrialdietako gaixoak ospitaletik kanpo artatzen dituztenek —anbulatorio eta bestelako osasun etxeetan artatzen dituztenek—. Hain zuzen ere, urtarrilaren 15 eta 16ko asteburuan, urtarrilaren 18, 20, 24, 26 eta 28an eta otsailaren 5etik 11ra bitarteko astean egingo dute lanuztea.
Bizkaiko Etengabeko Arreta Guneetako langileen batzarreko bozeramaile den Patxi Mujikak adierazi duenez, egun horietan gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte.
Jaurlaritzako Osasun Sailak «ziria sartu» diela diote larrialdietako langileek. Iragan ekainean zerbitzuak berrantolatu zituzten, eta osasun etxeen %40 asteburuetan eta jaiegunetan itxi. Orduz geroztik, denbora tarte horretako gaixo guztiak etengabeko arreta guneetako langileek artatu behar izan dituzte: «Pediatrarik ere ez dago haurrak hartzeko».
Beharrik handieneko garaietan zerbitzu eskaerari aurre egiteko zailtasunak izango dituztela ohartarazten aritu dira ekainetik: «Lehen, 4.700 pertsonak egiten zuten lana orain 450 inguruk egiten dute».
Osakidetzak hartutako neurrien aurka protesta egiteko, hamabi egunean greba egin zuten azaroan eta abenduan. Orduan ere adierazi zuten langileek haserrea, Osakidetzak «gutxietsi» egiten zituela argudiatuta.
Baina eskatutako negoziazioek ez zuten esperotako emaitzarik eman: «Bi aldiz bildu gara Osakidetzako ordezkariekin, sindikatuen bidez», azaldu du Mujikak, «baina bietan oso gaizki joan da: bakoitzak bereari eusten zion, eta ez zen benetako elkarrizketarik gertatu».
Grebaren ondoren, Eusko Legebiltzarrean etengabeko arreta langileen baldintzak leheneratzeko eskaera egin zuten. Osakidetzak agindu zuen erantzuna emango ziela. Baina oraindik ez dute «inolako erantzunik» jaso: «Ez dute ezer egin, gure lan baldintzek gaizki jarraitzen dute».
Mujikaren esanetan, langileak «erreta» daude, eta egoerak berdin jarraitzen badu luzaroan, lanuzte mugagabe bat egitea ere ikusten dute.
Ekaineko aldaketak osasun zerbitzuetako erabiltzaileen kalterako ere izan direla dio etengabeko arreta guneetako langileen batzarrak: «Zerbitzuak kendu dituzte, eta ezer ez dela gertatzen esaten dute, zerbitzua hobetu ere egin dela».
Arabako eta Gipuzkoako osasun etxeetako erabiltzaile eta langileak ere «engainatu» dituztela leporatu diote Osakidetzari: «Ustezko hobekuntzak eskaini zizkieten, eta orain esan diete ezin direla indarrean jarri».
Herritarrei, langileei eta erakundeei «jaramonik ez» dietela egin argudiatuta, «erantzukizunez» jokatzeko eta «langileen kezkak aintzat» hartzeko eskatuko diote oraingoan.
Gutxieneko zerbitzuak
Aurreko lanuztean bezala, etengabeko arretako langileek jakinarazi dute oraingoan ere bermatuko dituztela oinarrizko zerbitzuak.
Bizkaia osoan 250 pertsona inguru arituko dira lanean, baina behar-beharrezkoa den kasuetan baino ez dituzte gaixoak artatuko: «Jendea hartuko dugu, baina larrialdiak bakarrik; ez gehiago eta ez gutxiago. Besteak ohiko medikuarengana edo ospitalera bidaliko ditugu».
Oraingoan ere «zentzuz eta erantzukizunez» jokatuko dutela adierazi dute. Sor litezkeen arazoak «eragozpenak baino ez» direla izango adierazi dute, ez baitute arriskuan jarri nahi inoren osasuna edo segurtasuna: «Gu, behintzat, ez gara osasunarekin jolasean ibiltzen».
Hain zuzen ere, uste dute gaixoek osasun etxeetan «modu duinean» artatuak izateko eskubidea dutela, eta Osakidetzak hori bermatu beharko lukeela.
Hamalau eguneko grebarako deia egin dute Bizkaiko larrialdietan
Osakidetzak ekainean aldatutakoez geroztik «ezer» ez duela aldatu diote etengabeko arreta guneetako langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu