Hamalau urteko zigorra eskatu du fiskalak Elena Calen ustezko hiltzailearentzat

Hilaren 17an hasiko da iragan urtean Tolosan labankadaz hil zuten emakumearen kasuaren epaiketa

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Fiskalak 14 urteko espetxe zigorra eskatu du, Elena Calen ustezko hiltzailearentzat. Cal iaz hil zuten Tolosan (Gipuzkoa), labankadaz. Harrezkero haren bikotekide ohia preso dago, hilketa egotzita. Fiskalak nahigabeko giza hilketa leporatzen dio gizonari. Epaiketa hilaren 17an hasiko da, Donostiako Probintzia Auzitegian.

Calek 45 urte zituen eta 14 urte zeramatzan Tolosan. Tren geltoki alboko etxola batean bizi zen. San Frantzisko eliz atarian diru eske egoten zelako zen ezaguna herrian. Tolosako Udalaren iturrien arabera, tratu txarrak jasan zituen aurretik. Erakunde eta talde feministen aldetik ugariak izan ziren hilketaren aurkako gaitzespen mezuak.

Ministerio Publikoak egindako txostenaren arabera egun hartan, 16:00ak inguruan, biktimak eta etxolan zeuden bi gizonak—bikotekidea eta haiekin bizi zen beste gizon bat, Calen bikotekide izandakoa —eztabaida izan zuten. Ustezko hiltzaileak labana hartu, eta lepoan sastakatu zuen, agirian jasotzen denez.Osasun zerbitzuak bertaratu zirenerakoemakumea «oso larri» zegoen. Bihotz-biriketako geldialdia zuen zauriaren ondorioz. Donostiako Ospitalera eraman zuten, baina ordu batzuk geroago zendu zen.

Kalte-ordain eskaria

Fiskalaren arabera, gizona bere buruaren jabe zen, eta nahigabeko homizidioa leporatzen dio. Larrigarri gisa hartu du, halaber, aurretik biek bikote harremana eduki izana. Gainera, 92.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du Calen bikotekidearentzat. Ertzainek hasiera batean biktimaren bikotekidea atxilotu zuten, baina gerora libre utzi zuten.

Defentsaren arabera, aldiz, gizonak arazoak zituen alkoholarekin, eta aringarri gisa hartzeko eskatu du. Nahigabeko hilketa izan zela defendatzen du, eta zigorra txikiagoa izateko. «Emakumea izutu nahian gizonak labana atera zuen. Emakumeak buelta eman, eta nahigabe lepoan sartu zitzaion labana». Iaz zazpi andre hil ziren genero indarkeriagatik Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.