PSE-EEko Batzorde Etikoak Idoia Mendia izendatu du alderdiko idazkari nagusi, hauteskunde primarioetara aurkeztutako hautagaiek aurkeztutako sinadura kopurua zenbatu eta gero. Mendiak 3.174 alderdikideren sinadurak bildu ditu (%59,26), aise gaindituta beharrezkoa zen %10a. Unai Ortuzarrek, berriz, 152 lagunek babestu dute; beharrezkoak ziren 543etatik urrun.
Abalak lortzeko aurkituriko "oztopoak" salatu dituzte Ortuzarrek, Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagai Julian Zelaiak eta Berritu ildoko abokatu Paco Alvarezek. Esan dutenez, ez dute militanteen zerrenda lortzerik izan, eta abalak lortzeko epea ere oso laburra izan da. "Lortutakoa benetan miraria izan da, eta erakusten du PSE-EE bizirik dagoela", esan du Ortuzarrek. Helegitea aurkeztuko dutela jakinarazi dute.
Ortuzarren hautagaitza onartuta, ez da barne hauteskunderik egin beharko. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean egitekoak diren kongresuan berretsiko dute Mendiaren izendapena.
Herrialdeka, Eneko Andueza izango da Gipuzkoako arduradun, hura izan baita aurkeztutako hautagai bakarra. Araban, Cristina Gonzalez izan da behar adina abal aurkeztu dituen hautagai bakarra, eta hura izango da herrialdeko arduraduna. Bizkaian, Mikel Torresek aurkeztu ditu behar baino abal gehiago; ez, ordea, Zelaiak.