Hamar egunez atzeratu daiteke Auzitegi Nazionalaren erabakia, Fiskaltzak ez baitu balezkotzat eman Donostiako ospitaleak bidalitako txostena. Fiskaltzaren arabera, Donostiako Ospitaleak bidalitako txostena ez dago guztiz osatuta eta berriro bidaltzeko eskatuko du. Presoaren historia klinikoa eta osasun aurrekariak falta direla esan du, baita medikuek banan-banan sinatzea txostena, eta ez mediku batzorde batek.
Espetxe Zuzendaritzak, berriz, Donostiako ospitalearen txosten medikoa balekoa dela berretsi du.
Bestalde, fiskaltzak dio ez duela baldintzapeko askatasuna abiarazteko idatzizko proposamena jaso. Zaballako espetxeko mediku batzordeak bidali behar du proposamena. Ostiralean Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Josu Uribetxebarria preso gaixoari hirugarren gradua eman ondoren, gaur Auzitegi Nazionalak baldintzapean aske utzi edo ez erabakiko zuela uste zen.
Herrira mugimenduak agerraldia egin du gaur eta jakinarazi du Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak eskuetan dituela jada Uribetxebarriaren osasun egoera aztertzeko eskatutako bi txostenak. Herrira-ren esanetan, Auzitegi Nazionalak gaur bertan erabaki bat ez hartzeak, preso gaixoaren egoera luzatzea luke helburu eta "krudelkerian" oinarritutako erabakia litzateke. BERRIAk jakin duenez, Auzitegi Nazionala presoaren senideekin harremanetan jarri da, Uribetxebarria aske gelditzekotan haren bizilekua zein izango litzatekeen jakiteko. Senideek beharrezko informazio guztia eman dute jada.
Oraingoz, ordea, preso jarraitzen du Uribetxebarriak, Donostiako Ospitalean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapean aske utzi ala ez erabaki bitartean. Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailea arduratuko da horretaz, berezko epailea, Jose Luis Castro, oporretan dagoelako.
Baldintzapeko askatasuna gaur onartu arren, litekeena da egun batzuk pasatzea Uribetxebarria aske uzteko, izapideak direla eta. Gaurtik hasi eta ostegunera arte luza daiteke espedientearen tramitazioa, eta aske uzteko baldintzak zeintzuk diren ere ezagutu beharko da. Preso arrasatearrak minbizia du, metastasiarekin, eta egoera larrian dago, atzera bueltarik gabe.
El Pais egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusia Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren alde agertu da. "Kartzeletako herietxeetan ez dago ospitale tratamendurik" azaldu du. Ez du justifikaziorik aurkitzen Uribetxebarria preso mantentzeko. Terrorismoaren biktimen elkartearen eta UPDren jarrerak sakatu ditut, erabaki batzuk "zailak" izan arren, "legea bete behar delako".
Bien bitartean, Uribetxebarriak hamahirugarren eguna du gaur gose greban, eta ospitalean jarraitzen du Gonzalo Rodriguez presoak ere, Uribetxebarriari elkartasunez gose greba hasi zuen presoetako batek. Familiari ez diote bere osasun egoeraren berri eman. Ezkio-Itsasokoa (Gipuzkoa) Herrera de la manchako kartzelan dago preso (Ciudad Real, Espainia).