Hamar lagun atxilotu dituzte, haur pornografiaren aurkako sarekadan

Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan atzeman ditu Espainiako Poliziak, operazio zabalago baten barnean

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu zituen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, haur pornografiarekin zerikusia dutelakoan. Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian egindako sarekada zabalago baten barnean atzeman dituzte. Guztira 57 lagun dira atxilotutakoak, eta bertze 47 inputatu dituzte; haur pornografia edukitzea eta zabaltzea eta jasotzea leporatzen die Poliziak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar lagun atxilotzeaz gain, miaketak ere egin ditu Espainiako Poliziak. Zehazki, Araban hiru etxebizitzatan sartu dira poliziak, Bizkaian bortzetan, eta Gipuzkoan lautan. Guztira, operazioan 97 miaketa egin dituzte, eta 328 disko gogor, 40 ordenagailu eramangarri eta bertzelako material informatikoa eraman dute poliziek.

Polizia iturrien arabera, atxilotuen artean hainbat lanbidetako jendea dago, baita poliziak ere. Araban atxilotutako bat, errate baterako, udaltzaina da, eta Espainian atzemandako bi, berriz, guardia zibilak. Gainerakoan, informatika ingeniariak, enpresa zuzendariak, ikasleak, langabeak, ostalariak, galdaragileak, lorezainak eta era guztietako lanbideetako jendea atzeman dute, iturri berberen arabera.

Poliziak jakinarazi duenez, NordicMule izeneko Norvegiako software baten bidez hasi ziren haur pornografia sareratu eta elkarbanatzeaz susmagarri izan zitezkeen erabiltzaileen bila, eta 125 identifikatu zituzten. Horietako bakoitzak haur pornografiako artxiboak hartu zituela dio Poliziak, eta, ondoren, Interneten paratu zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.