euskal presoak

Hamar mila atxikimendu presoen eskubideen aldeko urtarrilaren 7ko mobilizazioari

Egin Dezagun Bidea mugimenduak Espainiari eta Frantziari presoen arloari heltzeko eskatu die, "gatazkaren konponbidea sustatzeko". 

2011ko abenduaren 26a
14:04
Entzun

Euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 7an Bilbon egingo duten mobilizazioak dagoeneko hamar mila atxikimendu baino gehiago jaso ditu, gaur Manu Ugartemendia eta Amaia Esnalek Donostiako agerraldi batean esan dutenez. Egin Dezagun Bidea mugimenduak antolatu du ekimena, eta atxikimendua kolosalaizangoda.info-n eman daiteke.

Babesa adierazi dutenen artean, herritarrak ez ezik, eragile politiko, sindikal eta sozialak daude, 30en bat herrialdeetakoak. "Epe motz batean Euskal Herrian inoiz jasotako atxikimendu sorta handiena da", adierazi dute Ugartemendiak eta Esnalek. Euskal Herriko eragileen artean dira Amaiur, Bildu, Aralar, Alternatiba, EA, ezker abertzalea, ELA, LAB, EHNE edota Hiru; nazioartekoen artean, Herrialde Katalanetakoak, Espainiakoak, Argentinakoak, Venezuelakoak, Bretainiakoak...

Espainiako eta Frantziako gobernuei presoen arloari heltzeko eskatu diete, "gatazkaren konponbidea sustatzeko". Besteak beste, presoak Euskal Herriratzeko, eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak, gaixotasun larriak dituztenak eta Parot doktrina ezarri dietenak askatzeko eskatzen du Egin Dezagun Bideak. "Hori da euskal gizartearen gehiengoaren eskaera, eta Mariano Raxoik [Espainiako presidente berriak] ardura historikoarekin jokatu beharko luke", esan dute Donostiako prentsaurrekoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.