Hau izan dadila azken aldia». Marifran Aizpuruk eta Luis Mari Herizek duela hamar urte hori esan zuten, semea lagun bat bisitatzera espetxera bidean istripuz hil zenean. Orain, hamar urte geroago, begiak malkoz betetzen zaizkio Aizpururi: «Denak berdin-berdin jarraitzen du, ezer ez da aldatu». Sakabanaketaren ondorioz hildako bederatzi eta hamargarrenak izan ziren beren seme Asier Heriz eta haren lagun Iñaki Saez. Sakabanaketak bere horretan jarraitu du, ordea, eta, gerora, beste sei lagun ere hil dira.
Arrateko Eguna betiko markatuta gelditu da Soraluzen. Duela hamar urte gertatu zen, Asier Heriz eta Iñaki Saez hil ziren Avilako espetxera Lurdes Txurruka euskal presoa bisitatzera zihoazela. Ez ziren iritsi bisitara, eta Txurrukak larrituta deitu zuen etxera, zer gertatu zen galdetuz. Erantzunik ez. 11:00 aldera jo zuen telefonoak Aizpururen eta Herizen etxean. Udaltzain bat zegoen beste aldean, azalpenak nola eman ez zekiela. Bi lagunak hiltzeaz gain Irantzu Benito larri zaurituta gelditu zela ere esan zieten.
Mendian zen Luis Mari Heriz. Hura jaitsi arte egon ziren zain, eta, berria jakin bezain laster, Avilara abiatu zen; gorpuak zeuden Adanero herrira.
Une haietan, Senideak elkarteak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Jone Goirizelaiak lagundu ez bazieten, ez dakite egoerari nola egingo zioten aurre. Ez dute ahazten orduko laguntza. Eta ezta gaur egun jasotzen dutena ere.
Asteburuan omenaldiak egin zizkieten Herizi eta Saezi herrian. «Oso omenaldi politak». Karakate mendian urtero egiten diete omenaldia, monolitoa dagoen tokian, eta aurten herrian ere egin diete. Behin eta berriz esaten dute oso eskertuta daudela.
Karakate mendian, monolitoa dagoen tokian zabaldu zituzten Herizen eta Saezen errautsak, 2001 hartako abenduan. Heriotzak gertatu eta hiru hilabetera zabaldu zituzten, Irantzu Benito ondo jartzeko zain egon baitziren hura ere egon zedin. Zuhaitza ere badute monolitoaren alboan. Puskatu egin zieten monolitoa, eta baita zuhaitza ere. Berriz jarri zituzten. Bigarrengoz ere kendu zieten zuhaitza, eta hirugarren aldiz ere jarri zuten. «Oraingoz hor dago», dio Luis Mari Herizek. Joan zen larunbatean, omenaldien egunean, guardia zibilakere ibili ziren Karakate inguruetan.
Mobilizazioaren beharra
Halakorik gehiago gerta ez dadin, herritarren mobilizazioa ezinbestekotzat jotzen dute Espainiako Gobernuak jarrera alda dezan. Horregatik, Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta bihar Donostian euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritar «guzti-guztiei».
Sakabanaketak kalte handia ekarri duela ondo dakite. Semea errepidean hil arren, presoak bisitatzeko hainbat kilometro eginak dira beraiek ere: «Ezin ditugu bakarrik utzi». Senitartekoei ere lagundu nahi diete, ekonomikoki ere odoluste ikaragarria dela bai baitakite. «Hau zentzugabekeria handi bat da. Sakabanaketa indarrean jarri zutenek egon behar lukete espetxean, eta haien senitartekoak kilometroak egiten jarri, ikus dezaten zertan ari diren».
Hamar urte geroago, sakabanaketa berdin
Hamar urte dira Avilako espetxera bidean istripua izan eta Asier Heriz eta Iñaki Saez hil zirela. Sakabanaketa «ikaragarrizko zentzugabekeria» da, Asier Herizen guraso Marifran Aizpuru eta Luis Mari Herizen iritzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu