«Txus Martin espetxeratuta edukitzea krudela eta gizagabea da». Hala mintzatu zen Herrira-ko kide Manu Ugartemendia atzo eguerdian, preso basauriarraren egoera salatzeko EAEko Auzitegi Nagusiaren parean egindako elkarretaratzean. Arratsaldean, manifestazioa egin zuten Basaurin, Martin aska dezaten galdegiteko.
Atzo bertan epaitu zuten Martin, Espainiako Auzitegi Nazionalean; Fiskaltzak hamar urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, ETAren ekintza batean parte hartzea egotzita. Zaballako espetxean (Araba) dago preso Martin, eta handik egin du deklarazioabideo konferentzia bidez, haren osasun egoera oinarri hartuta defentsak egindako eskaera onartu baitu epaileak. Preso basauriarrak nahasmen eskizo-afektiboa pairatzen du, eta birritan saiatu da bere buruaz beste egiten.
Herrira-ren ustez, kartzelan jasaten ari den bakartze egoerak eragin dio gaixotasun larri hori. Presoaren egoera psikologikoa ebaluatzen duten medikuek ere gaixotasuna okerrera egiten ari dela ohartarazi dute behin baino gehiagotan.
Ugartemendiak adierazi du Martinek pairatzen duen eritasunaren ondorioz «legez eta eskubidez» aske geratu beharko lukeela. «Egungo egoerak sufrimendua eragin eta amildegira gero eta gehiago gerturatzen gaitu». Ugartemendiak jakinarazi du Martinen senide eta lagunen kezka «oso handia» dela. «Espetxean jarraituz gero, inork desiratzen ez dituen ondorio atzeraezinez hitz egin genezake».
«Giza eskubideen urraketa»
Gaixotasun larriak dituzten presoek kartzelan jarraitzeak «giza eskubideak nabarmen urratzea dakar», Herrira-ren irudiko. Horrenbestez, Martin eta beste hamahiru euskal preso «berehala askatzeko» eskatu dute herri mugimenduko kideek. Ugartemendiak iragarri du hori lortzeko bidean Herrira mugimenduak «jo beharreko ate guztiak» joko dituela Euskal Herrian zein nazioartean.
Hamar urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Txus Martin presoarentzat
Gaixo diren presoen egoera salatzeko, elkarretaratzea egin dute EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu