Abenduan NBEk Parisen COP21 konferentzia antolatuko duela eta, Lurramak apailatua du 10. azoka, herri laborantzaren garrantzia erakusteko asmoarekin. Bertan, azaldu nahi du laborariek eta kontsumitzaileek zer egin dezaketen ingurumen eta elikadura erronkei aurre egiteko.
"Laborari gisa, natura hobeki errespetatuz, gure praktikak aldatuz, ongailu kimiko gutiago baliatuz, eta bioaniztasuna zainduz. Eta bertze anitz manera badira klima aldaketa erronka nagusi horren parean zerbait konkretu egiteko hemen ere Euskal Herrian", esplikatu du Lurramako presidentea den Maryse Cachenaut-k. Kontsumitzaile bezala ere guztien dituzten ardurak baztertu gabe: "Gure kontsumitzeko manerak ere aldatu behar ditugu. Horrek erran nahi du denek elgarrekin zentzu bererak tiratu behar dugula".
Klima aldaketa eta eguneroko biziaren arteko lotura eta desafioez hitzartze andana bat pentsatua du azokak. Hauen artean, azokako aurtengo aitabitxia den Pascal Canfinek emanen duena gaur 18:00etan. Pariseko COP21 bilkuran zer den jokoan azaltzekoa du (elkarrizketa biharko Berrian).
Baina Lurrama ere bada, usaian bezala, bazkari, afari, kontzertu, merkatu eta etxaldeetako abereen bilgunea. Aurtengo gomita nagusia Normandia eskualdea da. Hango laborantzako 23 ordezkarik hango gasnak, sagarrak, udareak eta sagardoak ekarri dituzte. Dela Camembert edo Neufchatel gasna. Hango errealitateaz, zailtasunez, eta horren aitzinean aurkitzen ari diren erantzunez ere solastatzeko aukera eskainiz.
Haurrentzako ere txoko eta animazioak badira. Txikientzako egokitu etxaldea handitu dute aurten, kanpoko karpa batean jarriz.
Informazio gehiago: www.lurrama.org