Hamarretik zazpi herritar presoak gerturatzearen alde daude

Gizarteak eskatzen duen baino baldintza gogorragoak jarri nahi ditu Patxi Lopezek euskal presoen auzian

Urtarrilaren 7an milaka herritar bildu ziren Bilbon, presoak Euskal Herriratzearen alde. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik zazpi euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzearen alde daude. Hori inolako baldintzarik gabe egin behar litzatekeela diote, gainera, Soziometroaren galderei erantzun dieten herritarren %69k. Presoak gerturatzearekin «adostasun txikia» dute %12k, eta neurri horrekin «batere ados» ez daudenak %11 dira.

Eusko Jaurlaritzak egin duen Soziometroaren datuak kontuan hartuta, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak gizarteak baino altuago jarri du langa. Herenegun legebiltzarrean egin zuen proposamenean, presoekin edozer egin aurretik baldintza jarri zuen haiek «aro terrorista» amaitutzat ematea, «indarkeriaren erabilerari zilegitasuna kentzea eta erantzukizun pertsonala onartzea».

Presoak Euskal Herrira gerturatzeko baldintzarik ez dute jartzen herritar gehienek, baina bai Patxi Lopezek. «Presoen garapenaren» arabera baldintzatzen du gerturatzea. Soziometroaren arabera, herritarrek «espetxe onurak» lortzeko jartzen dituzten baldintzak ere, Lopezenak baino malguagoak dira. Herritarren %58k uste dute «ekimen terroristari uko egitea, eta hura salatzea» beharrezkoak direla espetxe onurak lortzeko. Halako adierazpenik egin beharrik ez dagoela uste dute %20k, eta euskal presoek espetxe onurarik ez dutela izan behar iritzi diote %11k.

Indarkeriari uko egiten dieten presoei gizarteratzen laguntzearen alde daude herritarren %72. Indarkeriari uko egitea da Soziometroan jasotzen den baldintza, eta ez Lopezek dioen bezala «aro terrorista amaitutzat ematea, indarkeriaren erabilerari zilegitasuna kentzea eta erantzukizun pertsonala onartzea».

Atzo aurkeztu zituen Soziometroaren emaitzak Victor Urrutia Eusko Jaurlaritzaren Azterketa Soziologikoko kabinete buruak. Otsailaren 6tik 11ra egin zituzten inkestak. 2.254 inkesta egin zituzten, telefonoz zein etxez etxe; 504 herritar galdekatu zituzten Araban, 1.134 Bizkaian, eta 616 Gipuzkoan. Ikerketari %95,5eko fidagarritasuna eman dio Jaurlaritzak.

ETAren desagertzeaz

ETAren amaierari buruz ere galdetu zuten. ETAk jarduera armatua behin betiko utzi dutela uste dute %52k, eta ezetz %36k. Erakunde armatua ez da inoiz desagertuko %20ren irudiko. Bost urte baino lehen ez dela desagertuko uste dute %19k, bost urte baino lehenago desagertuko dela %23k, eta urte pare bat nahikoa izango direla %27k.

Biktimek izan duten jarrera baloratzeko galderak ere egin dituzte Soziometroan. Hala, gizarteak biktimekin «zerbait» egin duen arren «nahikoa» ez duela egin uste dute %39k. «Egin beharrekoa» egin delakoan daude %28, eta biktimen alde ezer gutxi egin dela uste dute %18k. Biktimen beraien jarrera baloratzerakoan, «zilegitasun guztiz» beraien eskubideak defenditu dituztela uste dute galdetutakoen %40k. «Ez dagokien paper politikoa» betetzen saiatu direla uste dute %26k, eta «gorrotoa sustatu gabe» jokatu, eta «jarrera eredugarria» izan duten iritzia dute %18k.

Indarkeriaren amaierak sortu duen sentipen nagusia baikortasuna da, Soziometroaren arabera, eta ilusioa dator haren atzetik. Nolanahi ere, indarkeriak utzitako zauriak ixtea kostako dela uste du gehiengoak. Urte asko beharko direla uste dute %42k, eta ez direla inoiz itxiko iritzi diote %34k.

Soziometroaren arabera, alderdiekin sinpatia gutxi dute herritarrek. EAJk 10etik 4,4ko puntuazioa lortu du; Bilduk, 3,7; PSEk, 3,5; Aralarrek, 3,3koa; Ezker Anitzak, 3,1ekoa; PPk, 2,1ekoa, eta UPDk, 2koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.