Gizartea

Hamasei lagun zauritu dira Muxikan, autobus eta kamioi batek elkar jotzean

12:35ean izan da ezbeharra, Gernika-Lumorako errepidean, eta autobusa ondoren trenbidera erori da. Bi zauritu larri daude; haietako batek, besoa galdu du.

2008ko ekainaren 23a
18:54
Entzun
Gaur 12:35ean Bizkaibuseko autobus eta kamioi batek elkar jo dute Muxikan (Bizkaia), ondoren autobusa irauli eta trenbidera jausi da, eta hamasei lagun zauritu egin direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. 25 bat lagun zihoazen autobusean. Hamasei zauritu haietatik bi, larri daude. Hiru lagun autobus barruan harrapatuta geratu dira, eta 14:00ak aldera atera dituzte. Autobusa 16:30ak aldera kendu dute trenbidetik.

Autobuseko bidaiari batek esan duenez, kamioiak artaziarena egin du eta bi ibilgailuek aurrez aurre egin dute talka, bihurgune batean. Bilbo-Zornotza-Gernika bidea egiten du autobusak, eta 11:45ean irten du Bilbotik.

Larri dagoen zauritu bat Gurutzetako (Barakaldo) ospitalera eraman dute, helikopteroz. Istripuan besoa galdu du; besoa aurkitu dute, eta medikuek izotzetan gorde dute, ebakuntzarako. Beste 11 zauritu anbulantzietan eraman dituzte Gurutzetako, Galdakaoko eta Basurtuko (Bilbo) erietxeetara; hiru, lau eta lau, hurrenez hurren. Arin zauritu diren beste lau Gernika-Lumoko osasun zentroan artatu dituzte.

BI-635 errepidean izan da ezbeharra, Gernika-Lumorako bidean, 'Ugarteko errepide zuzena' bezala ezagutzen den tokian. Errepide hura ordu batzuetan itxita eduki dute, eta orain Ertzaintzak errei bat irekia du. Zornotza-Bermeo tren zerbitzua geldirik izan dute hasieran, orain martxan da, baina ez normaltasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.