Duela lau urtetik hona, 220 gazte baino gehiago atxilotu dituzte Euskal Herrian kolore guztietako poliziek. Gazte horietako asko eta asko Espainiako Auzitegi Nazionalak epaituko ditu datozen hilabeteetan.
Lehen hamazazpiak, Gipuzkoako Oiartzualdea eskualdekoak, bihar bertan hasiko den epaiketan eseriko dira akusatuen aulkian. Bihar hasi eta bi astez luzatuko den epaiketan, hain zuzen ere.
Segi gazte erakundeko kideak izatea eta kale borrokako ekintzetan parte hartzea leporatzen diete, egungo espainiar legediaren arabera «erakunde terroristako kide» izatea eta «ekintza terroristak» egitea esan nahi duena.
Hamazazpi gazte horien aurkako auzipetzeak baina, lau urteotan atxilotutako berrehun baino gehiagorenak bezala, torturapean ateratako aitortzetan oinarritzen dira, atxilotu eta inkomunikazioa altxatu zietenean salatu zutenez.
Eragileen elkartasuna
Bihar hasiko den epaiketaren harira, asteon eskualdeko hainbat alderdi politiko eta gizarte eta kultur eragileren elkartasuna jaso dute auzipetuek, eta, era berean, epaiketa bera salatu dute. Eskualdeko Bilduk, ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak, hainbat kultur talde eta elkartek, hedabidek, sindikatuk, Askatasunak eta Etxeratek eta beste gehiagok agerraldia egin zutenelkartasun hori helarazteko eta auzibidea salatzeko.
Manifestaziora ere deitu zuten joan den asteazkeneko prentsaurrekoan. Hilaren 22an izango da; Oiartzungo Ugaldetxoko futbol zelaitik arratsaldeko zazpietan abiatu, eta Errenterian amaituko da.
Hamazazpi gazte epaituko dituzte bihar Auzitegi Nazionalean
Auzia torturaren bidez lortutako aitorpenetan oinarritzen dela salatu dute hainbat eragile politiko eta sozialek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu