Haren kontra torturapean deklaratu zuten ikertzeko eskatu du Cubillasek

Venezuelako fiskal batek Arturo Cubillasen inguruko ikerketa hasiko du, hark egindako eskaera aintzat hartu eta gero

Erredakzioa
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Joan den irailaren 29an Guardia Zibilak atxilotutako Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance ustezko etakideek torturapean deklaratu ote zuten ikertu dezan eskatu dio Arturo Cubillas deportatuak Venezuelako Fiskaltzari. Atristainen eta Besanceren deklarazioak «egiazkoak ote diren» ala «behartuta» deklaratu zuten argitzeko beharrezkoak diren diligentziak irekitzeko eskatu dio. ETArekin harremana izatea egotzita azken egunotan kaleratu diren informazioen inguruan bere burua «babesgabe» ikusten duela argudiatuta, gertaeren inguruko ikerketa hasteko eskatu dio Cubillasek Fiskaltzari.

Haren eskaera aintzat hartu, eta ikerketa abiatuko duela jakinarazi du Venezuelako Ministerio Publikoak. Adierazi duenez, Richard Monasterios fiskalak hasiko du Cubillasen inguruko ikerketa. Ustez Cubillasek ETA eta FARC talde armatuekin dituen harremanak ikertuko ditu fiskalak, Ministerio Publikoak azaldu duenez. Marino Alvarado abokatuaren hitzetan, Cubillasen eskaera onartu eta ikerketa egitera «behartuta» dago fiskala.

1989. urtetik Venezuelan bizi da Cubillas gipuzkoarra, deportatu gisa, eta Venezuelako Gobernuko funtzionarioa da egun. Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak iragan astean kaleratutako autoan, Cubillasi leporatu zion Besance eta Atristain ustezko etakideei armak erabiltzeari buruzko ikastaroak ematea 2008an. Atristain eta Besance Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez inkomunikatuta egon ostean idatzi zuen autoa epaileak, haiek Guardia Zibilaren eskuetan egindako adierazpenetan oinarrituta. Denbora horretan «tortura latzak» jasan zituztela jakinarazi zieten biek euren abokatuei.

Ustezko deklarazio horien ondoren prentsan agertu diren informazioekin bere familiari eta bere «duintasuna eta ospeari»kalte nabarmena egiten ari zaiela salatu du Cubillasek. «Ez dela ezerren beldur» eta bere buruaren inguruko ikerketan laguntzeko prest dagoela esan dio Fiskaltzari. Venezuelako zein atzerriko hedabideetan agertu diren informazioen bitartez leporatu dizkioten gertaeren inguruko xehetasunak ikertzeko eta bere buruarekin zerikusirik duen «edozein datu edo ekintza»argitzeko eskatu dio.

Ikerketa zabaltzeko eskakizuna Venezuelako Fiskaltzan bertan aurkeztu zuen atzo Cubillasek, haren abokatuak albiste agentziei jakinarazi dienez. Idazki horretan, ETArekin eta Kolonbiako FARC talde armatuarekin lotu dituzten hainbat albiste aipatu ditu Cubillasek. Informazio horien arabera, ETAko kideei ikastaroak eman zizkien, eta ETA eta FARCen arteko harremanak koordinatu zituen.

Horri lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak Cubillasen atxiloketa agindu zuen duela zazpi hilabete, ETA eta FARC taldeen arteko lotura ikertzen ari diren auzi bat dela medio. Venezuelako Gobernuak, baina, ez zuen aintzat hartu eskaria. Alabaina,Atristainen eta Besanceren ustezko polizia aitorpenen ondoren, Arturo Cubillas berriro estutzeari ekin dio Espainiako Gobernuak, eta joan den astean hura ikertuko zuela iragarri zuen Venezuelako Gobernuak.



Errugabetasun presuntzioa

Bere aurka egindako akusazio horien inguruan «babes gabe» dagoela esan du Cubillasek, eta hargatik jo du Fiskaltzara. Venezuelako Zigor Kodearen 290. artikuluan oinarrituta eskatu du ikerketa hastea. Artikulu horren arabera, delitu bat egiteaz akusatutako pertsonek Ministerio Publikora jotzeko eskubidea dute, organo horrek ikerketa has dezan eskatzeko.

Cubillasen arabera, gertaerak ikertzeko organorik «egokiena, objektiboena eta gardenena» da Fiskaltza. Bere aurka egin diren inputazioak «gizakiaren duintasunaren» eta «defentsa eskubidearen» aurka doazela iritzi dio, eta errugabetasun presuntzioa aldarrikatu du Fiskaltzan aurkeztutako idazkian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.