Sutea piztu zen unean lau lagun hauek zeuden barruan. Aspaldian eraikin honetan hartzen zuten aterpe, inguruetako bizilagunen esanetan. Euretako batek kanpora irtetea lortu zuen. Berehala iritsi ziren udaltzainak. Rikardo Ituarte alkateak azaldu zuenez, denen artean barruan gelditu ziren beste hirurak ateratzen saiatu ziren. Barrura sartzen ahalegindu ziren unean, garrek aparteko susperraldia izan zuten. «Bizia arriskuan jarriz, barruan zeuden hiruretako bat kalera ateratzea lortu dute udaltzainek», azaldu zuen Ituartek jazoeraren lekua bertatik bertara ikustera joan zenean.
Bere kabuz irten zen aurrenekoa, eta ondoren atera direnak dira suteak utzi dituen zaurituak. Beste biak hilotz atera zituzten. 18 eta 22 urte dituzte zaurituek. Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zituzten. Azkena atera zutena Erredura Handietako Unitatean dago, hirugarren mailako erredurak dituelako aurpegian, eskuetan eta besoetan. Beste era batera esanda, gorputzaren %10a erreta dauka. Osasun Sailak ezagutzera emandakomediku txostenaren arabera, larri dago. Izan ere, erredurez gain, kea arnasteagatik arazoak dauzka bere kabuz arnasteko, eta hodiak ezarri behar izan dizkiote.
Bigarren zauritua, berriz, Zaintza Berezien Unitatean dago. Horrek ere ke asko arnastu zuen, eta hodiak ezarri behar izan dizkioten. Horrez gain, tarteka konortea galtzen duela eta, pronostiko erreserbatua duela dio haren mediku txostenak.
Jakineko arazoa
Santurtziko alkatearen esanetan, udalak eta bizilagunek aspaldidanik zekiten eraikin horretan zer gertatzen zen. «Ez da kontu berria. Udaltzainak hogei aldiz joan dira, gutxienez, eraikin horretara azken hilabeteetan», gogorarazi zuen. Ituarteren esanetan, esku hartzeko arrazoiak, oro har, bi izan dira: noizean behin sute txikiak piztu izana eta bide publikoa okupatu izana.
Goizean oraindik gertatutakoa sinistu ezinik zeuden bizilagunak. Sutea handia izan zela zioten, «ikusgarria». Asko izan ziren garai batean Lucas jatetxea egon zen eraikina nola gelditu den ikustera bildu ziren santurtziarrak. Gehienek zioten espero zutela zoritxarren bat jazoko zela, baina ez zuten imajinatzen hildakorik egon zitekeenik.
Javier Bilbaok ez zekien ziur beti lau hauek izaten ziren edo ez; edonola ere, jendea egunero ibili dela azaldu zion
Margarita Oterok etxetik ikusi zuen suak sortutako argitasuna. Senarrak esnatu zuen, ordu horretan jaiki zelako lanera joateko. Hortik aurrerakoak bertatik bertara jarraitu zituen logelako leihotik.«Gauero-gauero norbait ibiltzen zen hor. Batzuetan sua ikusten zen. Janaria prestatzeko edo berotzeko egingo zuten. Nik zer dakit! Ondo pentsatuta, ez dakit nola ez duen lehenago su hartu», hausnartu zuen. Askotan barruan zeudenen astrapalak eta istiluak ere entzuten zituztela zioen. «Asko eztabaidatzen zuten». Lau horiek baino gehiago ere ikusi izan dituela iruditzen zaio. «Ez dakit denak barruan biziote ziren, baina bospasei laguneko taldea sartzen ikusi izan dut».
Erantzukizun dantza
Bizilagunetako asko lau etxegabeen bizi-baldintzak kezkatuta egon dira luzaroan. «Hor bizi zirela zekitenetik udalak edo foru aldundiak hartu eta aterpe duina eman behar zien», zioen Josune Ibeasek. «Harrigarria da. Non daude gizarte zerbitzuak halakoetan?».
Santurtziko Udaleko Ezker Batuak ere udal gobernuak erantzukizunaren parte duela uste du. Rakel Modubar zinegotziak «utzikeriaz» jardun izana leporatu dio. Besteak beste, gizarte zerbitzuen lanaz ere galdetu dio alkateari. «Jatetxean aterpetu diren lau hauengana bidali al ditu haien egoera zein zen ikustera? Edo horretan ere alkateak ez du bere ardura bete?».
Gizarteak baztertutako herritarrak zirela azaldu zuen Modubarrek eta, ondorioz, erakunde publikoen babesa behar zutela. «Ez zuten bitarteko ekonomikorik, eta, krisiaren ondorioz, horrelako kasu gehiago agertuko dira», ohartarazi zuen. Horiek hala, herriak harrera etxe baten beharra duela gogorarazi zuen. «1995etik egiten dugun eskaera da».
Rikardo Ituarte alkateak, berriz, eraikina jabego pribatukoa dela ohartarazi zuen, eta jabeari zegokiola horrelakorik ez gertatzeko egin beharrekoa egitea. «Udalak jabego publikoko ondasunetan hartu behar ditu neurriak, eta jabego pribatuko ondasunetan jabeek beste horrenbeste egiteko obligazioa daukate. Kontzientzia hori ezinbestekoa da».
Ituarteren esanetan, iragan irailean amaitu zitzaion jabeari jatetxearen jarduera baimena, eta urriaren 5ean abiarazi zuen Santurtziko Udalak eraikina hondakin izendatuko duen txostena. Jabeek, baina, helegitea jarri zioten prozedura horri. «Joan den ostiralean ere ez genuen errekurtsoa ulertuko, baina gaur, mahai gainean bi hildako ditugula, eraikina deseginda geratu denean, pentsa dezakezue zein izan daitekeen udalaren erantzuna», aurreratu zuen.
Edonola ere, argi utzi zuen ez ziola jazoeraren errua jabeari leporatu nahi. «Ezin dugu bere utzikerian aurkitu zoritxarreko ezbehar honen sorburua». Baina eraikina ahalik eta lasterren eraisteko eskatu zion beste behin. Atzo bertan jarri zen harekin harremanetan: «Ingurua hesitu, eta eraikina bota behar dute. Hala azaldu diogu. Gu prest gauden behar duten guztian laguntzeko. Lanak nola egin ez badakite, udalak beharrezko aholku guztiak emango dizkie».
Hil honen hasieran etxerik gabeko bi lagun hil dira Euskal Herrian
Santurtzin atzo hil ziren bi lagunekin, guztira lau dira hil honetan Euskal Herrian zendu diren etxerik gabekoak. Bertze bi heriotzak Gasteizen eta Ziburun (Lapurdi) gertatu ziren. Gasteizen, 58 urteko gizonezkoa Adurtza auzoko aparkaleku batean hilda aurkitu zuten hilaren hasieran. Gasteizko Udaleko Gizarte Sailetik adierazi zutenez, hildakoak gizarte zerbitzuen laguntzari «uko» egin zion, eta urriaren 20tik ez zuten haren berririk izan. «Naturala ez den heriotza» izan zuela pentsatzeko motiborik ez zegoela adierazi zuten udaletik. Bigarren hildakoa, berriz, Ziburun agertu zen, iragan azaroaren 10ean. Autopsiak erakutsi zuen alkohol ugari zeukala odolean eta Frantziako Poliziaren arabera, mozkorraren eraginez lurrera erori zen eta kolpatu. Burua putzu batean zegoen eta konortea galdurik ito zela nabarmendu zuen Poliziak.Aterperik gabeen jarraipena egin nahi du Frantziak
Frantziako Gobernuak aterperik gabeko pertsonen jarraipen zorrotza egin nahi du. Hori egin ahal izateko, departamendu bakoitzean Harrera eta Bideratze Zerbitzuen Koordinakundea sortu du, eta Baionan osatu dute horrelako egitura bat. Norbanakoen egoerari erantzutea dute helburu.Negurako aterpeakEuskal Herrian
Angelu. Ipar Euskal Herrian harrera publikoa bermatzen duen egitura bakarra da Angelukoa. Martxoaren 31ra arte 24 oheko eskaintza bermatuko du.Bilbo. 883 ohe egongo dira Bilbon etxerik gabekoen eskura. Udaleko Gizarte Sailaren esku bost aterpetxe daude, eta horietan, 189 ohe. Azaroaren 25etik apirilera bitarte mantenduko du neguko plana.
Donostia. Udalak zerbitzu berezia jarri du: Neguko Aterpea. Martxoaren 31ra arte egongo da irekita, eta 40 ohe ditu. Horrez gain, Monseko harrera etxeak ate irekiko zerbitzua du hotz handiko gauetan. Horren bidez, normalean baino jende gehiago arta dezakete. Caritasek, berriz, Hotzaldi neguko egoitza zabaldu du, martxoaren 31ra bitarte. 40 ohe ditu.
Gasteiz. Neguan normalean baino ohe gehiago jartzen ditu udalak aterpetxeetan. Gizarte zerbitzuetako buruek erabakitzen dute erabiltzaile bakoitzaren egonaldia noiz arte luzatu.
Iruñea. Etxerik gabekoak artatzeko zerbitzu berezia du udalak. Hiru aterpetxe ditu urte osoan irekita: Iruñean erroldatutakoak artatzeko bat, eta bertze bi behin-behinean daudenentzat. Kalean bertan artatzeko zerbitzua ere badu. Udaltzainek pentsioetarako txartelak ematen dizkiete premian daudenei.