HARIAN. SUTEA SANTURTZIN. Europako ametsak erreta

inaki petxarroman
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zerk ekarri zituen Euskal Herrira? Seguraski pobreziak. Seguraski miseriak. Europaren oparotasunaren amets gaizki-ulertu batek, seguraski. Eta zerk eraman ditu utzitako lokal batean sute batek kiskalita hiltzera? Arrazoi horiek beraiek. Bi gazteren heriotzaren tamainako tragediak aztoratu ditu bazterrak Santurtzin. Alferrik da errua norena den ika-mikan hastea, lokaleko jabearena den edo hara joan diren etorkinena den. Hori arazoaren azala baino ez da. Mamia beste bat da, eta ardura kolektiboa erakusten du.

Zergatik zeuden gazte horiek horrelako lokal batean lo egiten, hotzari aurre egiteko su baten ondoan? Galdera horren erantzunak argituko lituzke, beharbada, tragediaren arrazoi nagusiak. Ezin da ahaztu Euskal Herrian bizi diren etorkin ugariren bazterketa egoera. Asko eta asko paperik gabe, gaizki ordaindutako lanetan edo lanik gabe, prostituziora, droga trafikora edota delitu txikietara bultzatuak dira bizirik irautearen beharrez.

Paperik gabe, eta bizi diren gizartearen ezagutzarik gabe, zaila da administrazioak eta gizarte eragileek antolatzen dituzten neguko azpiegituretara joatea. Poliziaren jazarpenak ezkutura bultzatzen ditu askotan. Esate baterako, joan den astean Bilbon udaltzainek eta Espainiako poliziek etorkinen aurka bereizi gabe egindako sarekadak ez du laguntzen etorkinak gizartean integratzen, bazterketa egoeratik ateratzen.

Eta, gurpil zoroa balitz bezala, legez kanpoko egoera, pobrezia, gizarte bazterketa eta delitua bata besteari lotzen zaizkio, askatu ezinezko katebegiak balira bezala. Hala, gizarteak, esker ona baino gehiago, gero eta jarrera txarragoz hartzen ditu etorkinak. Ikuspegi EAEko immigrazioaren behatokiak egindako azken inkesta da horren lekuko. Izan ere, inkesta horren arabera, handitu egin da gurean immigrazioa arazo larri moduan ikusten duten herritarren kopurua: %15,4k uste dute hori orain; iaz, %12,9 ziren.

Gizartearen zubiak hautsita, erretzeko edo erortzeko arriskua duten lokaletan euren burua aterpetzera jotzen dute etorkin batzuek. Edota, neguaren hotzean, gauak kale erdian pasatzera, hotzak hiltzeko arriskuarekin. Gizarte baldintza horiek aldatzen ez diren bitartean, alferrik da tragediarengatik arranguratzea. Eta, orain, ea gutxienez lortzen duten hildakoak identifikatu eta familiei gertatutakoaren berri ematea. Eta ea gorpuak haien herrietara bidaltzeko gastuak norbaitek hartzen dituen bere gain. Gutxienez hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.