Uxue Barkos Nafarroako lehendakari izendatu dutenetik lehen bilera ofiziala egin dute gaur Iruñean Barkosek eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Bileraren ostean euskaraz egin dituzte lehen adierazpenak. Urkulluk azpimarratu du lehen bilera "oso emankorra" izan dela, eta hurrengoa Lakuan egingo dutela jakinarazi du. Gonbita egin dio Barkosi.
Nafarroako lehendakariak azpimarratu du bide berriak ireki dituztela, "eta ez soilik harreman sozioekonomiko eta kulturaletan sakontzeko, baita harreman politikoan ere". Izan ere, harreman iraunkorra eratuko dute esparru sektorialetan: azpiegiturak, suspertze ekonomikoa, osasuna, hezkuntza eta kultura zein euskara bezalako arloetan.
Estatuaren asmo zentralisten aurrean eta autogobernuaren aurkako saioen aurrean itun eta kontzertu ekonomikoak zaintzeko "erne" egongo direla adierazi dute bi lehendakariek. Alabaina, Urkulluk aipatu du ez dutela fronte komun bat eratuko elkarrekin Madrilera joateko.
Euroeskualdea eta ETB
Euroeskualdean sartzeko eskaera egin dio Barkosek Urkulluri azken hau eskualdeko presidente denez. Honek ontzat jo du eskaera. Orain, Akitaniaren oniritzia falta da.
Halaber, iragarri dute Nafarroan ETB ikus dadin bilerak datorren astetik hasiko dituztela bi gobernuetako ordezkaritzek. Arazo teknikoak bideratzeko egingo dituzte bilerok. 2009tik, UPNren gobernuak aldarrikatu du kostu ekonomikoa izan dela arazoa. Urkulluk ukatu du gaur halakorik: "Arazoa ez zen ekonomikoa, teknikoa eta batez ere borondate politikoa", esan du eta gaineratu: "Nire buruari galdetzen nion, nolatan nafarrek ikus ditzakete munduko kate guztiak ETB ezik?".
Yolanda Barcinarekin behin batzartu zen Urkullu. Gai jakinetan lankidetza hitzarmenak egin arren, arlo instituzionalean presidente artean ez zela ezer egin azaldu du. Bi gobernuen artean harreman iraunkorra izateko asmoa azaldu dute biek.